Eduki publikatzailea
Atzealdea HAURTZAROAN ETA NERABEZAROAN TEKNOLOGIA ARDURAZ ERABILTZEKO KONPROMISOA INDARTU DUGU
2025·12·04

HAURTZAROAN ETA NERABEZAROAN TEKNOLOGIA ARDURAZ ERABILTZEKO KONPROMISOA INDARTU DUGU
Haurtzaroan eta nerabezaroan teknologiaren erabilera arduratsu eta osasungarria sustatzeko ekintza berriak bultzatzen ditugu
Zumarragan indartu egin dugu HAURTZAROAN ETA NERABEZAROAN TEKNOLOGIA ARDURAZ ERABILTZEKO KONPROMISOA. Azaroko Osoko Bilkuran, gure Udalak haurren eta nerabeen artean teknologiaren erabilera arduratsua sustatzeko konpromisoa hartu zuen, gure udalerriko haurren ongizatearen aldeko apustua berretsiz. Konpromiso hori Urretxuko Udalarekin partekatzen dugu, eta harekin koordinatuta lan egiten jarraitzen dugu.
Konpromiso horrekin jarraituz, teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria sustatzeko egingo diren ekintzak aurkeztu ditugu gaur, prozesu horretan funtsezkoak diren eragile eta erakundeekin batera: Altxa Buruan elkartutako familiak, ikastetxeak eta ZEOS programako Maitane Ormazabal psikologoa.
Azpimarratu dugun bezala, hezkuntza-komunitate sendo batetik soilik egin ahal izango diogu aurre digitalizazioari, modu hezitzaile eta prebentiboan. Adierazpen instituzionalak honelako konpromisoak jasotzen ditu:
- Familiak eta hezkuntza-komunitatea sentsibilizatzea.
- Mugikorrik gabeko espazio seguruak sortzea eta babestea, arreta errazteko.
- Teknologiaren erabilera arduratsu eta kritikoan heztea.
- Inplikatutako eragile guztien arteko lankidetza indartzea.
Elkarlan hau Altxa Buruako familiekin eta udalekin hasi zen, ikastetxeen etengabeko babesarekin. Gaur, aliantza hori indartu eta zabaldu egingo dugu, helburu komun batekin: gure haur eta nerabeen ongizatea.
Konpromiso horren baitan, Urretxu eta Zumarragako udalek, Altxa Burua familia talde eragilearekin batera, 2026ko lehen hilabeteetarako aurreikusitako lehen hiru ekimenak jarriko dituzte martxan:
a) Haur eta nerabeen ingurune digitalaren diagnostikoa: Familientzako inkesta, etxean tresna digitalak erabiltzeari buruzko datuak biltzeko, eta, hala, etorkizuneko jarduera-ildoak zehazteko.
Zure iritzia ere behar dugu! Parte hartu hemen: https://labur.eus/altxaburuazu
b) Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzako tailerra: “Ongizate digital eta emozionala: Pantailaren atzean zer?”, izenburupean, pantailaren erabilerak nola eragiten digun hausnartu nahi da, teknologia deabrutu gabe.
c) ZEOS programa: Mugikorraren erabilerari erantzuna emateko eta hezkuntza-komunitateari (familiak, eskolak eta ikasleak) tresnak, irtenbideak eta baliabide praktikoak eskaintzeko. Gainera, nerabezaroko egoera psikoemozional ohikoenak landuko ditu, horiei aurre egiteko estrategiak emanez.
Formazio saioen ordutegia 18:00etatik 20:00etara izango da urtarrilaren 20 eta 22an, Zelai Arizti Kultur Etxean egingo dira eta 27 eta 29an Urretxuko Kultur Etxean.

