Eduki publikatzailea
Atzealdea Herrian egindako erosketak etxera doan eramateko zerbitzua abian jarri du Zumarragako Udalak
2024·10·24
Herrian egindako erosketak etxera doan eramateko zerbitzua abian jarri du Zumarragako Udalak
· Ekimen honetara atxikitako azokako postuetan eta herriko dendetan egindako erosketak etxeraino eramango dituen zerbitzua izango da.
· Banaketa astearte, ostegun eta larunbatetan egingo da eta doako zerbitzua da.
· Zerbitzu honen aurkezpena azokan egingo da larunbat honetan.
Tokiko ekonomia eredua indartzen dituzten kontsumo ohiturak sustatzeko helburuarekin, Zumarragako udalak “Herrian erosi, etxean jaso” kanpaina aurkeztu du. Ekimen honen bidez, Zumarragako herritarrek, kanpaina honetara atxikitako komertzio eta azokako postuetan erosi eta etxean jasotzeko zerbitzua eskura izango dute doan.
Kanpaina honek kontsumo ohituretan eragitea du helburu. Rosa Maiza zinegotziaren esanetan: “bidalketa zerbitzu honek, azokako postu eta merkatarien zerbitzua osatu eta bezeroen erosketa-esperientzia hobetzea du helburu eta horrexegatik kanpaina honetara atxikitzera animatu nahi ditugu herriko merkatariak, denon artean, bertako kontsumoa sustatzeko”.
Egitasmo hau Europako Next Generation dirulaguntza bidez gauzatuko da. Zumarraga, merkataritza eredu digital eta jasangarria proiektuaren baitan lehenengo fasean Klik eta Jaso zerbitzuko takila hotzak martxan jarri zituen Zumarragako Udalak eta, bigarren fase honetan, doako bidalketa zerbitzua abian jarri dute, bizilagunei balio erantsiko zerbitzuak eskaintzeko helburuarekin.
Zumarragako biztanleek bertan kontsumitu dezaten sustatu nahi du eta erosketak etxean jasotzearen erosotasuna herritarren eskura jarri. Besteak beste, azokako postuetan erositako elikagai, textil eta bestelako produktuak edota herriko denda eta farmazietan erositako produktuak. Honek guztiak, bertako eskaintzari ikusgarritasuna eman, erosketa-ohitura berriak sortu eta herritar eta merkatarien arteko harremanak eta loturak indartuko dituela espero da.
Banaketa Txita bidez egingo da, hots, bizikleta bidezko mezularitzaren bitartez. Garraio garbia, jasangarria eta zuzena izanik. Herriko saltokietako produktuak Zumarragako etxeetara eramatea ahalbidetuko du astearte, ostegun eta larunbatean ordutegi zehatz batzuetan.
Zerbitzuaren ezaugarriak:
· Atxikitutako saltokietan eskainiko da bakarrik etxez-etxeko banaketa zerbitzua. Hauek, “Herrian erosi, etxean jaso” kanpainaren identifikatzailea izango dute agerian.
· Kanpainaren iraupena: urriaren 24tik abenduaren 31ra bitartean izango da.
· Banaketa asteartetan eta larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta ostegunetan 16.30etatik 19.30etara egingo da.
Larunbat honetan, urriak 26, zerbitzu honen aurkezpena egingo da Zumarragako azokan. Merkatari eta herritarrei zuzendutako informazio kaseta bat ere egongo da, zerbitzuaren inguruko nondik norakoak eta zalantzak argitzeko gune gisa. Bidalketa zerbitzua eskainiko duen Txita enpresa ere bertan egongo da 11:00etatik 14:00etara.
Izen ematea zabalik
Izena eman nahi duten komertzio eta azokako postuek 688 730 048 telefonora deitu beharko dute kanpainaren identifikatzailea jaso eta zerbitzua eskaintzen hasteko.