Eduki publikatzailea
Atzealdea IA 200 LAGUNEK HARTUKO DUTE PARTE ZUMARRAGAKO JAIEI HASIERA EMANGO DIETEN HERRI OLINPIADETAN
2025·05·19
IA 200 LAGUNEK HARTUKO DUTE PARTE ZUMARRAGAKO JAIEI HASIERA EMANGO DIETEN HERRI OLINPIADETAN
Zumarragako Olinpiadak maiatzaren 24an hasi eta ekainaren 27an amaituko dira, plazan, jaien hasierako ekitaldi gisa. 16 koadrilek parte hartuko dute eta 1.000 euroko sariak banatuko dituzte herriko merkataritzan gastatzeko.
Ekitaldi berritzaile eta parte-hartzaile batek emango die aurten hasiera Zumarragako jaiei, izan ere ekainaren 27an jokatuko baita, plazan, maiatzaren 24an hasiko diren Kirolzale Herri Olinpiaden final handia. Zumarragako Olinpiadak taldeka lehiatuko den txapelketa herrikoi bat da eta lehen edizio honetan 16 izan dira esperientzia hau bizitzera animatu diren (8-12 kidez osatutako) koadrilak, denera 187 partaide. Talde garaileak Zumarragako merkataritzan gastatzeko 1000 eurotako sari bat jasoko du eta ekimen hau babesten duten laguntzaileei esker beste hamaika sari ere banatuko dira parte-hartzaileen artean.
Talde bakoitzak ekimen berritzaile honetan parte hartu nahi izan duen babesle baten izena eramango du eta kontuan izan behar da, taldeka eta lagunartean egin beharreko txapelketa bat denez, kirol proba bakoitzak bere sailkapena izango badu ere, taldeak kirol desberdinetan batutako puntuak hartuko dira kontutan azken sailkapenerako.
1. Eurre - Xaloa taberna
2. No Limits - Abenida taberna
3. LGG - Etxarre Inmobiliaria
4. RMF - Aitube Berri
5. AH - Bi-Tartean elkartea
6. Empotro Armanti - Ata Harategia
7. Earki Gatxik - Aldapa Street Food
8. KMPL - Janeiro Iturgintza
9. EMTF - Faka Gipuzkoako Energia
10. Anticorruptos FC - Garbiketak Zumarraga
11. BPG - Zuzen Zerbitzu Grafikoak
12. LK - Txindoki
13. Manchester Pitis - Saski taberna
14. 11 y la jefa!!! - Salto Training
15. Militancia X - Urzubi taberna
16. APV - Iñaki Gastro
Zumarragako Olinpiadak hiru fase desberdinetan banatuta egongo dira, lehen fasea, finalerdiak eta finala. Lehen fasea maiatzaren 24tik ekainaren 15a bitartean jokatuko da, larunbat eta igandetan eta bertan taldeak bost kirol desberdinetan lehiatuko dira; futbol 5, frontenis, saskibaloia, boleibola eta igeriketa.
Kirol hauek hiru bloketan; (futbola+frontenis, saskibaloia+boleibola eta igeriketa) banatuko dira eta binaka jarritako kirol horiek batera jokatuko dira, hau da, talde bakoitza bitan banatu beharko da bi kiroletan parte hartzeko eta estrategiak ere bere garrantzia izango du emaitzarik onenak lortzeko. Bloke bakoitzeko kirol bakoitzeko partidak batera jokatuko dira eta taldeek ondo pentsatu beharko dute kide bakoitza zein kiroletan aritu. Jardunaldi bakoitzean ezingo da kirolez aldatu, bai, ordea, jardunaldi bakoitzean.
Izena eman duten taldeak 16 izan direnez, lehen fase honetan hiru taldeko hiru multzo eta lauko batean banatu dira eta kirol bloke bakoitzerako (futbola+frontenis, saskibaloia+boleibola eta igeriketa) zozketa bat egin da (3 zozketa) aurkezpenean.
Herri Olinpiada hauek herri guztian zehar bana daitezen, proba bakoitza Zumarragako gune desberdinetan jokatuko da, La Salleko patioan, Beloki pilotalekuan, geltokian, Izazpiko gunean, Ispilla kiroldegian eta Zumarragako plazan.
Puntuazioa
Kirol guztiek pisu bera izango dute lehen faseko sailkapen nagusira begira eta multzo bakoitzeko lehenengo taldeak 3 puntu eramango ditu, bigarrenak 2 eta hirugarrenak 1.
Kirol bakoitzeko sailkapena osatzerako orduan erabiliko den irizpidea honako hau izango da, areto futbolean irabazitako partida bakoitzagatik hiru puntu emango dira, berdinketa bakoitzeko puntu bat banatuko da eta talderen bat partida batera aurkeztuko ez balitz, puntu bat kenduko zaio.
Saskibaloian, frontenisean eta boleibolean berdinketarik eman ezin denez, irabazleak puntu bat eramango du, galtzaileak 0 eta ez aurkeztuak -1.
Nesken parte hartzea sustatze aldera hartutako neurriak direla eta, talde mistoek (partida osoan zehar bi sexuetako parte-hartzaileak lehiatzen aritu beharko dira horretarako) partida bakoitzeko puntuazioa x1,5 izango da eta partida nesken talde batek jokatuz gero, horretarako partida guztian zehar aritzen direnen %75a neskak izan beharko dute, lortutako puntuazioa bikoiztu egingo litzateke, inoiz ez puntuazioa negatiboa bada.
Lehen fase honetako zortzi talderik onenak finalerdietarako sailkatuko dira. Bigarren fase hau egun bakarrean jokatuko da, ekainaren 21ean, Zumarragako plazan eta egun honetan egin beharreko lanak lehen fasea amaitutakoan emango dira jakitera.
Eta azken galbahe honen ostean, Kirolzale Herri Olinpiadetako lau talderik onenak Zumarragako Jaien hasiera egunean jokatuko den finala jokatuko dute, ekainaren 27an. Kasu honetan ere, finalean egin beharreko lanak behin finalerdiak jokatuta emango dira jakitera.