Eduki publikatzailea
Atzealdea INDARKERIA SEXISTARIK GABEKO SANTA ISABEL JAIAK: ZUMARRAGAK SENTSIBILIZAZIOAREN ETA HERRITARREN PARTE-HARTZEAREN ALDEKO KONPROMISOA INDARTU DU
2026·06·29

Urtero bezala, Santa Isabel jaien harira, Zumarragako Udaleko Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna eta Aniztasuna arloak indarkeria sexistaren prebentzioa izango du ardatz. Helburua argia da: eraso sexisten aurkako gaitzespen irmoa berriro ere agerian uztea eta jaiak errespetuan, bizikidetzan eta pertsona guztien gozamenean oinarritutako espazioak izan daitezen sustatzea.
Horretarako, jaietan berriz ere informazio eta sentsibilizazio gunea jarriko da, herritarrei indarkeria sexistaren aurrean dauden baliabideak ezagutarazteko eta gai honen inguruan kontzientzia pizteko. Baliabide horiek inoiz erabili beharrik ez izatea da guztion nahia, baina Udalak gogorarazi du jai seguruak eta errespetuzkoak eraikitzea herritar guztien ardura ere badela.
Aurten, gainera, herritarren parte-hartzea sustatu nahi da. Ekainaren 30ean, asteartea, 18:00etatik 20:00etara, plazan egingo den sentsibilizazio jardunaldiaren barruan, "Festetan ere eraso sexisten aurka saretuz – Creando redes contra la violencia sexista en fiestas" izeneko panela jarriko da. Bertan, herritarrek mezuak, leloak edo hausnarketak idatzi ahal izango dituzte, indarkeria sexistaren aurrean tolerantzia zero aldarrikatzen duen horma sinboliko bat osatzeko. Parte hartzen duten guztiek opari bat jasoko dute.
Sentsibilizazio lanaren barruan, aurreko urteetan bezala, aurten ere bideoak izango du protagonismo berezia. Oraingo honetan, 2017az geroztik egindako ibilbidea balioan jarri nahi izan da, urte hauetan guztietan Zumarragako herritar eta talde askok mezu bera zabaltzen lagundu dutela gogoraraziz: jaiak errespetuz, berdintasunez eta eraso sexistarik gabe bizi behar direla. Aurtengo bideoak ibilbide hori jasotzen du, eta Zumarragak sentsibilizazio ekimen mota hauetan izan duen izaera aitzindaria ere azpimarratzen du.
Udalak nabarmendu du ekimen hauek guztiek herritarren inplikazioarekin bakarrik dutela benetako zentzua. Edozein eraso sexistaren aurrean jarrera irmoa erakustea, jarduteko irizpideak barneratzea eta herritarren parte-hartze aktiboa ezinbestekoak dira giro ona, errespetua eta bizikidetza protagonista izango dituzten jaiak eraikitzen jarraitzeko.
Horregatik, Zumarragako Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Santa Isabel jaiak indarkeria sexistarik gabe ospatzera eta, guztion artean, berdintasunean, errespetuan eta segurtasunean oinarritutako herria eraikitzen jarraitzera.

