Eduki publikatzailea
Atzealdea

ISPILLA KIROLDEGIAK ARTE MARTZIALEN GELAKO TATAMIA BERRITU ETA AZKEN SOLAIRUAN KOMUN BAT ERAIKIKO DU

Berrikuntza lanak direla eta gimnasiotik erretiratutako materialarekin enkante bat ere antolatuko da

2022·11·23


ISPILLA KIROLDEGIAK ARTE MARTZIALEN GELAKO TATAMIA BERRITU ETA AZKEN SOLAIRUAN KOMUN BAT ERAIKIKO DU

Berrikuntza lanak direla eta gimnasiotik erretiratutako materialarekin enkante bat ere antolatuko da.

 

Zumarragako Ispilla Udal Kiroldegiak berrikuntza lanetan darrai. Azaroa amaitu baino lehen, kiroldegiaren azken solairuan komun bat eraikitzeko lanak amaituta egotea aurreikusten da. Egun, azken solairuko ikastaro ezberdinak egiteko erabiltzen den gelaren erabiltzaileek bi pisu jaitsi behar izaten dituzte komunera jo nahi badute, baita asteburuetako partiduetara datozen ikusleek ere. Hori horrela, lan hauekin arazo honi konponbidea bilatu nahi izan zaio. Gainera, gurpildun aulkidun pertsonentzako irisgarria izango da komuna.

Bestalde, kiroldegiaren bigarren solairuan kokatuta dagoen arte martzialen gelako tatamia ere berritu egin da. Aurretik zeuden plantxen estalkia egoera txarrean zegoen, eta gainera, urteen poderioz piezak mugitu egin dira euren artean arriskua suposatu lezaketen tarteak utziz. Horregatik, Nazioarteko Judo Federazioak homologatutako tatami irristagaitza ipini da.

Gimnasiotik kendutako materialen enkantea

Zumarragako Udalak bere inbentarioan baja emango die erabiltzen ez diren hainbat altzari eta makineriari Ispilla Udal Kiroldegiko gimnasioan egin ziren materialak berritzeko lanak direla-eta. Zumarragako Udalak enkante publiko bidez besterenduko du material hori.

  

    

Enkanteko materialagatik eskaintzak Ispilla kiroldegiko abonatuek bakarrik aurkeztu ahal izango dituzte. Horretarako, kiroldegiko harreran izen-emate orria eskatu eta Zumarragako Udaleko harreran beteta entregatu beharko dute, azaroaren 29a baino lehen.  

Eskatzaile guztiekin zerrenda bat osatuko da. Bakoitzari zenbaki bat emango zaio ausaz, eta zenbaki horrekin zozketa publikora aurkeztuko da. Abenduaren 1ean, 18:00etan, egingo da zozketa. Ekitaldia publikoa izango da eta Ispilla Udal Kiroldegiko harreran gauzatuko da, bigarren solairuan.

Zozketa egiteko, “bolatxo” bat aterako da ausaz, eta, ateratzen den zenbakia kontuan hartuta, esleipendunen zerrenda osatuko da. Lehenengo esleipendunak bi egun balioduneko epea izango du materiala hautatzeko, honako muga honekin: gehienez bi makina, 10 disko pare, 10 haltera pare eta bi banku.

Eskaintzak produktuaren balioaren zenbateko zehatzekoak izan beharko dira. Ez da onartuko argitaratutako balioa baino prezio baxuagoko eskaintzarik. Materialen hautaketa adierazitako epean egin ondoren, zerrendako hurrengoari deituko zaio, eta horrela hurrenez hurren, material guztia amaitu arte.

Esleipendunak bere gain hartu beharko ditu materiala biltzearekin, lekualdatzearekin eta, hala badagokio, suntsitzearekin zerikusia duten gastu guztiak: karga, garraioa, etab. Esleipendunak uko egiten dio edozein berme esplizitu edo inplizituri, mugarik gabe, bai eta akats edo ezkutuko akatsei ere.
 

ERABILTZEN EZ DIREN ONDASUN HIGIGARRIEN ETA MAKINEN ENKANTE PUBLIKORAKO OINARRIAK ikusgai dituzu. Bertan oinarriez gain enkantean jarriko diren makina guztiak eta hauen salneurriak aurki ditzakezu


Materialen egoerari eta eskaintzak aurkezteko baldintzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, interesa dutenek Kirol Zerbitzuburuarengana jo dezakete 602224509 telefonora deituta edo ispilla@zumarraga.eus helbidera idatzita.