Eduki publikatzailea

Atzealdea IZPIAK TALDEA NAGUSI MINGAINLUZE LEHIAKETAREN EDIZIO JENDETSUAN

Pasa den asteburuan Mingainluze lehiaketaren edizio berri bat ospatu da Urretxuko Labeaga aretoan, Zumarraga eta Urretxuko udaletako euskara sailek antolatuta.

2026·02·09


Iazko edizioa egun bakarrean jokatu baldin bazen, aurten “izen-emateak izandako erantzun bikaina dela medio” bi egunetan jokatu beste erremediorik ez da izan. Larunbatean izan ziren kanporaketak (24 taldek eman dute aurten izena) eta horietatik 8 onenek finala jokatu zuten igandean. Azkenean, Izpiak taldeak (Intza Otegi, Lur Zudaire, Mara Gabirondo) lortu zituen puntu gehien, eta honenbestez Mingainluze 2026 ekimeneko irabazleak dira.

Izpiak taldeak, saio guztian zehar erakutsitako maila bikainaz baliatuz, puntuak zakuratu zituen etengabe. Finalean proba ezberdinak izan ziren, gainera, matematikarekin eta logikarekin erlazionatutakoak, kasu, Mingainluze berez euskara eta kultura orokorrarekin loturiko lehiaketa izanagatik. Euren atzetik, “Urretxuarrak” (Jon Altzelai, Erlantz Elgarresta, Urko Ojanguren), “Lauburuak” (Anne Ruiz, Jare Zabalo, Aiala Romanelli) eta “Bomboklat” (Aiur Barajas, Ander Esnal, Joanes Etxeberria) taldeak sailkatu ziren bigarren, hirugarren eta laugarren postuetan, hurrenez-hurren. Talde hauek ere maila bikaina erakutsi zuten finalean eta sari bereziak jaso zituzten.

Lehenengo lau postuetan sailkatu ziren lau talde horiez gain “Eskuak gora” (Irati Bilbao, Eider Aldalur eta Ane Peña), ”Beti elkarrekin” (Marina Etxaniz, Sara Goenaga, Naia Cruz), “Izarrak 1” (Sara Fariñas, Janire Mendizabal, Malen Ollaquindia), eta “AMU” (Adei Telleria, Mikel Goitia, Unax Madina) taldeek hartu zuten parte finalean, saio erabat ikusgarria eskainiz. Aipatu beharra dago kanporaketa saioan “Futboleroak” taldea (Heren Villar, Eder Martin, Ioan Sanchez) berdinduta geratu zela sailkapeneko zortzigarren postuan, nahiz eta azken desenpatean finalean aritzeko aukera galdu.

Finalaren amaieran lehenengo lau sailkatuek sariak jaso zituzten, esan bezala, Josu Idigoras eta Alex Gonzalez Zumarragako eta Urretxuko udal ordezkarien eskutik. Antolatzaileak hasi dira dagoeneko datorren urteko Mingainluze prestatzen eta gaztetxoek urtebete daukate aurretik entrenatzen jarraitzeko. Saioaren amaieran antolatzaileak pozik ziren lehiaketak izandako erantzunarekin: “urte dezente dela hasi ginen Mingainluze antolatzen, 2011 urtearen bueltan, eta belaunaldi berriengan ere arrakasta daukan lehiaketa da. Datozen urteetan ere antolatzen jarraituko dugula ez egin zalantzarik”.