Eduki publikatzailea
Atzealdea KLIMA TOUR: KLIMA ALDAKETARI ETA BABESLEKU KLIMATIKOEI BURUZKO HERRITARREN SENTSIBILIZAZIORAKO EKIMENA
2026·06·02

Urola Garaiko Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten zazpi ikastetxeek azken bi ikasturteetan klima aldaketaren eta horren ondorioen inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztuko dituzte KLIMA TOUR azokan. Ekimenaren helburua da herritarren artean klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa handitzea eta, bereziki, babesleku klimatikoen garrantzia ezagutaraztea.
Iaz egindako diagnostikoaren ondorio nagusietako bat izan zen herritarrek babesleku klimatikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio handiagoa behar zutela. Horri erantzunez, ikastetxeek hainbat jarduera eta proposamen garatu dituzte, Urola Garaiko Garapen Agentziaren koordinazioarekin eta Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio Itsasoko udalen laguntzarekin.
Ingurumenaren Munduko Eguna urtero ekainaren 5ean ospatzen da, eta horren harira, aurten ere aste berezi bat antolatu da Urola Garaian, ikasleen ingurumenarekiko konpromisoa eta inplikazioa gizarteratzeko.
Datak
Lehen hitzordua ekainaren 3an izango da, Urretxu-Zumarragako Kalebarren plazan, goizeko 10:30etik 12:00etara. Bertan, bi herrietako ikastetxeetako ordezkariek beren lanak eta ondorioak aurkeztuko dituzte. Bigarren saioa ekainaren 5ean egingo da Legazpiko Plazaolan, 10:30etik 12:00era, Legazpiko ikastetxeetako ikasleen parte-hartzearekin.
Azokako jarduerak
Azokak herritarren parte-hartzea sustatzeko hainbat elementu izango ditu. Horien artean, “itzalkideak” nabarmendu behar dira: aterki zuriak eramango dituzten laguntzaileak, herritarrak azokara hurbildu eta informazioa jasotzera gonbidatuko dituztenak. Gainera, galdetegi labur bat erantzuten dutenek sari bat jasotzeko aukera izango dute bero boladen aurrean ondo hidratatu ahal izateko.
Ikasleen lanekin batera, bisitariek “Klima aldaketa eta egokitzapena” erakusketa ere ikusi ahal izango dute, klima larrialdiaren aurrean hartu beharreko neurriak eta egokitzapen estrategiak ezagutzeko. KLIMA TOUR azokak aukera paregabea eskaintzen du herritarrek gazteen ikuspegia ezagutzeko eta klima aldaketaren aurrean guztion artean egin dezakegunari buruz hausnartzeko.
Animatu eta parte hartu! Etorri gure herrietako gazteenek klima aldaketari aurre egiteko eta horretara egokitzen laguntzeko egindako lana ezagutzera.

