Eduki publikatzailea

Atzealdea MAIALEN AKIZU, MIREN ARRIETA ETA IRATI ZURIARRAINEK ZELAI ARIZTI BETE ZUTEN EMAKUMEEI ETA ZIENTZIARI BURUZKO JARDUNALDI INSPIRATZAILE BATEAN

Zelai Ariztiko ekitaldi-aretoa bete egin da, bertako hiru ikertzaileei entzuteko. Beren esperientzia eta ezagutzak partekatu zituzten dibulgazio-jardunaldi hurbil eta aberasgarri batean

2025·02·12


Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna baliatu nahi izan dute Urretxuko eta Zumarragako udaletako Euskara Zerbitzuek komunitateko ikerlarien lanak ezagutarazteko. Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusia bete egin da, Maialen Akizu Bidegain, Irati Zuriarrain Asurmendi eta Miren Arrieta Bernaras entzuteko. Sara Bidartek gidatuta euren ibilbidea eta ibilbidean zehar jasotakoak kontatu dizkigute, era dibulgatibo eta gertukoan.

Akizu soziologoa da, eta kulturgintza eta generoa izan ditu eta ditu ikergai; egun filosofiako irakasle dihardu hezkuntza arautuan. Zuriarrain, aldiz, historialaria da, historia garaikidea du ikergai egun; Aranzadin aritutakoa ere bada, eta Hernanin gerra zibilean eta frankismoan bizitakoak bildu ditu liburu batean. Arrieta, azkenik, larrialdietako medikua eta doktorea da, sepsis (edo septisemia) izan ditu ikergai.

Horiez gain, ikerlarien lan-baldintzez, burokraziaz, generoaren eraginaz… aritu ziren. Hogei bat minutu proposatu zitzaizkion bakoitzari bere ibilbidearen eta ikerketen inguruan aritzeko, eta maisuki egokitu zuten kontaketa horretara ere.

“Zientzia Zetaz” Neguko Aroz Aro diseinatzeko parte hartze saioan proposatutako ekintza izan da, eta, izan duen arrakasta ikusita, beste edizioren bat egon daitekeela aurreikus liteke. Udaberriko Aroz Aro diseinatzeko, hurrengo astearterako egin dute deialdi irekia bi udaletako Euskara Zerbitzuek: otsailaren 18a, asteartea, 17:30ean Zelai Arizti kultur etxean.