Eduki publikatzailea
Atzealdea MENDIZABAL POLIGONOKO 10. FASEKO LANAK AURREIKUSITAKO PLANGINTZAREN ARABERA DOAZ AURRERA
2026·08·07

Mikel Serrano Zumarragako alkateak Mendizabal Poligonoko berrurbanizazioaren 10. faseko obrak bisitatu ditu gaur goizean, ekainaren 22an hasitako lanen bilakaera bertatik bertara ezagutzeko. Jarduketa aurreikusitako plangintzaren arabera doa aurrera, eta dagoeneko 82.554,44 euroko lanak gauzatu dira, BEZa barne.
Obrak bi lan-eremu nagusitan antolatu dira. Alde batetik, garaje-sotorik ez duten eta, beraz, iragazgaizte-geruzei eragiten ez dieten guneak daude. Orain arteko lanak eremu horietan egin dira nagusiki.
Zehazki, pasealekuaren goiko aldea berritu da, komunitateetako sotoak hasten diren mugaraino. Zoladura hormigoi garbituarekin gauzatu da, ingurua berdeguneekin hobeto integratzeko. Euri-urak biltzeko kanaleta berriak eta granitozko zintarriak ere jarri dira, inguruan berriki egindako beste berrurbanizazio batzuen ildoari jarraituz.
Era berean, zoladuraren maldak egokitu dira euri-ura bizitegi-eraikinetara joatea saihesteko eta, horrela, hezetasun-arriskua murrizteko. Ospitalera igotzen den errepidetik eremura sartzeko pasabideetako bi ere egin dira; hain zuzen ere, azpian sotorik ez dutenak.
Datozen asteetan lehen lan-eremu horri dagozkion jarduketak osatuko dira. Ondoren, irailean, garaje-sotoen gaineko guneetan lan egiten hastea aurreikusten da. Aurretik, notarioaren aurrean arrakalen eta eraikinen egungo egoera jasotzeko dagokion protokoloa egingo da. Ondoren, espaloiak eta zoladurak altxatuko dira iragazgaizte-geruzetara iritsi eta horiek berritzeko, hainbat komunitatetako sotoetan gertatzen diren ur-iragazketak ahal den neurrian murrizteko.

Jarduketaren helburu nagusien artean Izazpi auzoko 8. eta 17. atarien arteko irisgarritasuna hobetzea dago. Horretarako, indarrean dagoen araudia beteko duten arrapalak eta eskailerak egingo dira. Halaber, 8. atariko plaza berrantolatuko da, euri-urak plazatik kanpora bideratu ahal izateko, ihesak eragin ditzaketen barneko hustubideen beharrik gabe.




Obrak edateko uraren, saneamenduaren eta argiteria publikoaren sareak berritzeko ere baliatuko dira. Horrez gain, parkeko zoladura berrituko da, farolen zimenduak lurperatuko dira haurren segurtasuna hobetzeko eta eremuko hiri-altzariak ordezkatuko dira. Goiko aldeko zuhaitz-eremua ere berrantolatuko da, eraikinen inguruan lorategi berriak sortuz eta egungo berdeguneek eragiten dituzten ur-iragazketak murrizteko neurriak hartuz.
Lanak Lurkide Hondalanak S.L. enpresari esleitu zaizkio, eta 743.011,51 euroko aurrekontua dute, BEZa barne. Aurreikuspenen arabera, Mendizabal Poligonoko 10. fasea 2026ko abenduan amaituko da.

