Eduki publikatzailea
Atzealdea MENDIZABAL POLIGONOKO 10. FASEKO LANAK AURRERA DOAZ, IRAGAZGAIZTEA ETA IRISGARRITASUNA HOBETZEKO JARDUKETEKIN
2026·10·23

Zumarragako Mendizabal Poligonoko berrurbanizazioaren 10. faseko obrak gauzatzen ari dira. Gaur goizean egindako bisitan, ekainaren 22an hasitako lanen egoera aztertu da. Orain arte, 146.749,68 euroko lanak gauzatu dira, BEZa barne.
Bisitan parte hartu dute Mikel Serrano Zumarragako alkateak; Lurkide Hondalanak S.L. enpresa esleipenduneko Jon Mikel Muruak eta Alai Fernándezek; eta David Panadero proiektuaren idazleak.
Jarduketaren helburuen artean daude Izazpi auzoko 8. eta 17. atarien arteko irisgarritasuna hobetzea, komunitateetako sotoetan ur-iragazketak murrizteko iragazgaizte-sistemak berritzea eta hainbat azpiegitura eta espazio publiko egokitzea.


Lanak bi multzo nagusitan antolatu dira: azpian garaje-sotorik ez duten eremuak eta sotoen gainean daudenak. Azken horietan, zoladuraz gain, iragazgaizte-geruzetan ere esku hartu behar da.
Lehenengo eremuetan, plazaren inguruko pasealekuak berritu dira, hormigoi garbitua erabiliz, berdeguneekin hobeto integratzeko. Era berean, eraikinen arteko barne-sarbideak egokitu dira, hormigoi armatuzko oinarri berriak eta baldosak jarriz. Granitozko zintarriak ere jarri dira, inguruko beste jarduketa batzuetan erabilitako ereduari jarraituz.
9.atariari dagokionez, sarbide-arrapala berria egin da, eta gaur egun dagozkion eskailerak eraikitzen ari dira. Gainera, ospitalera igotzen den errepideko espaloitik datorren arrapalaren amaierako altuera aldatu da. Horri esker, aurreko egoerarekin alderatuta, arrapalaren malda txikiagoa izango da. Sarbide horiek barandak jarrita osatuko dira
.


Garajeen iragazgaizte-sistemaren berritzea
Fase honetako lan nagusietako bat komunitateetako sotoen gaineko iragazgaizte-geruzak berritzea da.
Bisitan, Lurkide enpresako Jon Mikel Muruak duela hogei urte inguru jarritako asfaltozko xafla zaharraren egoera erakutsi du. Lehendik zeuden zoladurak kentzean, material horrek narriadura nabarmena zuela ikusi da. Xafla horren eginkizuna euri-ura gainazaletik igarotzea eta azpian dauden garajeetara iristea saihestea da.
Sistema hori berritzea jarduketaren zati garrantzitsua da, hainbat komunitatetako sotoetan gertatzen diren ur-iragazketen aurkako babesa hobetzeko.
Eraikinetan zeuden arrakalen aurretiazko egoera dokumentatzeko notario aurreko protokoloak osatu ondoren, 8. atariko plazan hasi ziren lanean, komunitateko garaje baten gainean dagoen eremuan.
Bertan, plaza ixten zuen horma eraitsi da, euri-urak kanpora bideratu ahal izateko, garajearen sabaitik igarotzen diren barneko hustubideak erabili beharrik gabe. Era berean, lehendik zeuden arrapala eta eskailerak kendu dira, espazioaren antolamendua aldatu eta zoladura atariko sarreraren mailan jartzeko.
Horretarako, lehendik zeuden baldosak eta hormigoizko betegarriak kendu dira, eta dentsitate handiko poliestirenoz ordezkatu dira. Material arin horrek plazaren maila igotzeko aukera ematen du, garajearen egituraren gaineko karga handitu gabe.
Iragazgaizte-sistema berriak betunezko bi xafla asfaltiko ditu, horiek babesteko geotestil-geruza bat eta xafla drainatzaile nodular bat. Azken horrek ura hustea errazten du, iragazgaizte-geruzaren gainean pilatzea saihesteko.
Eremu horretan oraindik hainbat akabera-lan egiteke daude, besteak beste, barandak eta estaldurak jartzea.
Egungo lanak 11. eta 12. atarien artean
Gaur egun, lanak 11. eta 12. atarien artean egiten ari dira. Bertan, 8. atariko plazan erabilitakoaren antzeko prozedura aplikatuko da.
Jarduketaren barruan, lehendik dauden zoladurak eta materialak kenduko dira, garajeen sabaien gaineko iragazgaiztea berrituko da, eta irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen irizpideetara egokitutako arrapala, eskailera eta sarbide berriak egingo dira.
Ondoren, espazioak hiri-altzariekin eta lorategiekin osatuko dira. Jarduketa-eremuak pixkanaka lotuko dira, obrak aurrera egin ahala.
Proiektuak edateko uraren, saneamenduaren eta argiteria publikoaren sareak berritzea ere aurreikusten du, baita zoladurak eta hiri-altzariak ordezkatzea ere. Goiko aldean, zuhaitz-eremua berrantolatu eta eraikinen inguruan lorategi berriak sortzea aurreikusten da, egungo berdeguneekin lotutako ur-iragazketak murrizteko neurriak hartuz.
Lanak Lurkide Hondalanak S.L. enpresari esleitu zaizkio, 743.011,51 euroko zenbatekoarekin, BEZa barne. Plangintza eguneratuaren arabera, Mendizabal Poligonoko berrurbanizazioaren 10. fasea 2027ko urtarrilean amaitzea aurreikusten da.

