MIMOZ BAINA ANBIZIOZ, GOÑIREN OMENEZKOAK PILOTA-ZALETASUNA ZABALTZEN JARRAITUKO DU ZUMARRAGAN
2023·02·22
MIMOZ BAINA ANBIZIOZ, GOÑIREN OMENEZKOAK PILOTA-ZALETASUNA ZABALTZEN JARRAITUKO DU ZUMARRAGAN
Iaz hiru izan ziren Goñiren Omenezkoan jokatu eta hilabete gutxira profesionaletara jauzi egin zuten pilotariak Arbizu, Morgaetxebarria eta Exposito eta aurten ere bide horretan egon daitezkeen gazte ugari ikusi ahal izango dira Beloki pilotalekuan
Bere sorreratik, inguruko pilotazaleak batu eta kirol honekiko zaletasuna zabaltzea izan da Zumarragako Beloki Pilota Kirol elkartearen helburu nagusia eta lan horretan horrenbeste nabarmendu zen Xabier Goñi oroitzeaz harago, momentuko pilotaririk onenak bertatik bertara ikusteko aukera eskaini eta pilotazaleen topaleku bat izan da bere omenezko txapelketa azken 30 urteetan. Azken hamarkadan nabarmen egin du gora lehiaketa honek, afizionatuen zirkuituko erreferentzietako bat bihurtzeraino. Listoia goran jarri dago, eta mailari eustea ez da erraza, are gutxiago gaur egun pilotari amateurren panorama nola dagoen ikusita, baina hazten jarraitzeko anbizioarekin, maila goreneko txapelketa da gaur aurkeztu eta, datozen zazpi asteazkenetan, Beloki pilotalekuan jokatuko dena. Hori bai torneoaren ezaugarri nagusiena izan den goxotasuna eta mimoa, pilotari eta pilotazaleenganakoa, sekula alboratu gabe.
Kirol alorrean, gaztetasuna eta esperientzia nahasten dituen koadroarekin dator txapelketa. Iaz esaterako, hiru izan ziren Goñiren Omenezkoan jokatu eta hilabete gutxira profesionaletara jauzi egin zuten pilotariak Arbizu, Morgaetxebarria eta Exposito eta aurten ere bide horretan egon daitezkeen gazte ugari ikusi ahal izango dira Beloki pilotalekuan. Baina antolatzaileek ez dute ahaztu nahi izan profesionalena ez dela pilotaren errealitate bakarra eta bestelako pilotariek ere izango dute lekurik hurrengo zazpi asteetan. Esaterako azken bi urteetan txapela jantzi duen Eneko Labaka Zumarragan izango da berriz ere, aurten gainera Munduko Txapeldun izan eta hilabete gutxira. Beñat Azketa beasaindarrak ere asko zaintzen ditu jokatzen dituen txapelketak eta Goñiren Omenezkoan ikusi ahal izatea luxu txiki bat izango da.
Eta mimoa aipatzen dutenean, antolatzaileek lehiaketa honean hazi diren pilotariak ikustea ere oso gogoko dutenez, promesen mailan egindako lan ona saritzea gustatzen zaie. Hala, iaz kaiolan horren final ikusgarria eskaini zuten Ekhi Irribarria eta Unai Amianok aurten txapelketa nagusian, binakakoan, jokatuko dute onenen artean.
Aldizkaria, etxeetan eta pilotalekuan
Beloki Pilota Elkartean pozik daude, oso pozik gainera, azken urteetan Zumarraga eta inguruko pilotazaleengandik jaso duten babesarekin, eta hori nolabait eskertu eta zale hauengandik gertuago egon eta berriengana zabaltzeko asmoarekin, aurten aldizkari bat ere prestatu dute, Goñiren Omenezkoaren eta Zumarragako Beloki Pilota Kirol elkartearen jardunaren berri zehatz azaltzeko. Aldizkari hau herriko postontzietara banatuko da eta Beloki pilotalekuan ere denen eskura egongo da.
Karteldegia eta pilotalekua prest daude, pilotariak ere euren onena emateko irrikitan daude eta apirilaren 5era arte Beloki pilotalekuan itxoiten zaituztegu!