Eduki publikatzailea

Atzealdea MINTZODROMO ETA “KANTARI” JENDETSUAK EUSKARAREN EGUNA GIROTZEN HASTEKO

Larunbat goizean izan zen hamahirugarren Mintzodromoa Zelai Arizti kultur etxean, eta, arratsaldean, Kantariren bigarren edizioa Labeaga aretoan.

2025·12·02


MINTZODROMO ETA “KANTARI” JENDETSUAK EUSKARAREN EGUNA GIROTZEN HASTEKO

Larunbat goizean izan zen hamahirugarren Mintzodromoa Zelai Arizti kultur etxean, eta, arratsaldean, Kantariren bigarren edizioa Labeaga aretoan.

Urretxu eta Zumarragako udalek, udal euskaltegiarekin elkarlanean antolatuko Mintzodromoaren hamahirugarren edizioak ere berrogeita hamar lagun inguru bildu zituen kultur etxeko areto nagusian. Bertan, Olaia eta Amaiur herriko musikarien abestiek hasi zuten ekitaldia, eta kafe eta bizkotxo artean aritu ziren bertaratuak aurten jarritako hiru gaien inguruan: Gau beltza, etxebizitzen arazoa, eta hirugarrena, mahaietan jarri zitzaien txokolate ezberdinen dastaketa.

“Lan” horiek burututa, azken hilabeteko “Argazki-hizki” lehiaketako hiru irabazleak ezagutu genituen: lehena, Javier Alonso Vicente; bigarrena, Carlos Mediavilla Arandigoien; eta, hirugarrena, Gorka Azkarate Torner. Urretxu eta Zumarragako zinegotziek banatu zuten saria.


 

Ondoren, Antxiñe Mendizabalek bere lan berri “Katona” liburuko pasarte bat eskaini zigun, eta, azkenik, agur modura, Zumarragako euskara teknikariak bertso bat eskaini zion Marijo Etxeberria udal euskaltegiko irakasle eta Mintzodromoaren antolatzaileari hurrengo urtean jubilatuko denez, eskerrak emanez urte guzti hauetan egindako lanagatik.

Hamahirugarren Mintzodromoa

ere joan zaigu, bapo!

Marijo ere beti bezala

etorri zaigu galako…

Mintzodromoan atzetik ere

bere lana daukalako,

Eta Marijo hurrengo urtean

jubilatuko delako…

Orain arteko guztiagatik,

bihotzez eskerrik asko!

Amaiur eta Olaiaren doinuek itxi zuten hamahirugarren ekitaldia.


 

Arratsaldeko 16:00etan hasi ziren Urretxu-Zumarragako bigarren “Kantari” ikuskizuneko grabazioak. Urretxu eta Zumarragako udalek lagundu eta Goiena komunikazio taldeak gidatuta, 160 gaztetxo (LH2-6 bitartekoak) igo ziren oholtzara aurreko asteetan entseatutako kantua abestu eta dantzatzera.

3, 4 edo 5 laguneko taldeetan parte hartuko dute eta talde bakoitzak euskal kantu bat eskainiko du zuzeneko emanaldian. Besteak beste: En Tol Sarmiento, Gatibu, Nogen, Huntza, Vendetta, Betagarri, Ze esatek!... taldeen abestiak abestu eta dantzatuko dituzte agertoki gainean.

Guraso eta lagunek babestuta, arratsaldeko 16:00etatik ia 21:00ak bitarte aritu ziren zuzenean bost txandatan. Saioak, zuzenean, streaming bidez jarraitzeko aukera izan zen Goierri telebistaren webgunean ( https://gitb.eus/ ) eta behin saio guztiak grabatu ondoren eta post-produzitu, telebistan ikusteko aukera ere izango da GoiTbn. Horrekin batera, parte-hartzaile bakoitzak emanaldiko argazki galeria jasoko du eta baita parte hartu duen saioko bideoa ere.

Iazko lehen edizioan 125 gaztetxok hartu zuten parte, eta, aurtengoan, kopuru hori 160ra igo da.

Zer den kantari hobeto ezagutzeko: 8-12 URTE BITARTEKO 125 GAZTETXOK PARTE HARTUKO DUTE “KANTARIK” URRETXU-ZUMARRAGAN IZANGO DUEN LEHEN EDIZIOAN - Zumarraga - Zumarraga

Horiek asteburuan, baina Euskararen Egunaren harira hainbat ekitaldi izango dira udalek antolatu edota lagunduta aste honetan ere. Abenduaren 3an, asteazkena:

  • 17:00-18:00 Street Scape ginkana herriko dendetan LH5-DBH2 bitarteko gaztetxoentzat Bitarteaneko lokaletik hasita.
  • 18:00 Euskararen Kriseilua LH1eko ikasleen familientzat Labeaga aretoan
  • 18:30 Zintzo-mintzoren ekitaldia Euskadi plazan