Eduki publikatzailea

Atzealdea NAN-A ETA PASAPORTEA ZUMARRAGAN BERRITZEKO ZERBITZUAK HARRERA ONA IZATEN JARRAITZEN DU

Gaur egindako saioarekin, Polizia Nazionalaren unitate mugikorrak 900 hitzorduren muga gainditu du; horiei aurretiazko hitzordurik gabe egindako NAN elektronikoaren izapideak gehitu behar zaizkie

2026·07·22


Zumarragako Udalak oso balorazio positiboa egin du Polizia Nazionalaren unitate mugikorrek udalerrian NAN-a eta pasaportea egin edo berritzeko eskaintzen duten zerbitzuaz.

Zerbitzua Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzarekin izandako zuzeneko lankidetzari esker jarri ahal izan da martxan. Ordezkariordetzak lurraldeko udalerri guztiei eskaini zien ekimenarekin bat egiteko aukera, eta Zumarraga hasieratik zerbitzuaren aldeko apustua egin zuten udalerri gutxietako bat izan zen. Hilabete hauetako datuek erakusten dute erabaki egokia izan zela eta zerbitzuak herritarren benetako behar bati erantzun diola.

Ekimena 2025eko azaroaren 12an jarri zen martxan eta, gaur, uztailaren 22an, egindako saioarekin, dagoeneko 19 jardunaldi antolatu dira Zumarragan. Saio bakoitzean 48 hitzordu eskaini dira; beraz, guztira 912 hitzordu eskaini ditu zerbitzuak.

Kopuru horri aurretiazko hitzordurik eskatu gabe jardunaldi hauetan NAN elektronikoarekin lotuta egindako izapide guztiak gehitu behar zaizkio. Hortaz, zerbitzua martxan jarri zenetik egindako izapideen kopurua are handiagoa da.

Herritarren erantzunak agerian uzten du baliabide honen erabilgarritasuna. Zerbitzuari esker, kudeaketa horiek udalerrian bertan egin daitezke, modu eroso eta hurbilean, Donostiara edo dokumentuak egiteko bulego iraunkorrak dituzten beste udalerri batzuetara joan beharrik gabe.

Hitzorduarekin egindako izapideen %80 inguru NAN-arekin lotuta dago, eta gainerako %20a pasaportearekin. Azken jardunaldietan, udako hilabeteekin bat eginez, pasaportea egin edo berritzeko eskaerak ugaritu direla ikusi da.

Erabiltzaileen jatorriari dagokionez, %95 inguru bertakoak dira. Zerbitzuak inguruko udalerrietako herritarrak ere hartzen ditu, besteak beste, Urretxu, Legazpi, Ezkio-Itsaso eta Ormaiztegikoak. Horrela, Zumarragak inguruan zerbitzuak eskaintzeko erreferentziazko gune gisa duen eginkizuna indartzen da.

Zumarragako Udalaren ustez, bereziki garrantzitsua da era honetako izapideak herritarrengana hurbiltzea. Zerbitzua herritar guztientzat onuragarria da, eta bereziki erabilgarria da adinekoentzat, mugitzeko zailtasunak dituztenentzat edo udalerritik kanpora joateko oztopo handiagoak dituztenentzat.

Unitate mugikorra bi astean behin etorri ohi da Zumarragara. Hurrengo jardunaldiak abuztuaren 5ean eta 19an egingo dira. Hitzorduak, ohi bezala, jardunaldiaren aste bereko astelehenean kudeatuko dira.

Zumarragako Udalak izena emateko epe bakoitzaren irekieraren berri emango du aldez aurretik, ohiko komunikazio-kanalen bidez.