Eduki publikatzailea

Atzealdea NEREA MURILLO TELLERIAK IRABAZI DU 2025EKO SANTA ISABEL JAIEN EGITARAUAREN AZALA AUKERATZEKO LEHIAKETA

“Pintzeladekin dantzan” izeneko lana izan da 15 proposamenen artetik hautatua, eta maiatzaren 30etik ekainaren 28ra egongo da ikusgai Zelai Ariztin.

2025·05·30


NEREA MURILLO TELLERIAK IRABAZI DU 2025EKO SANTA ISABEL JAIEN EGITARAUAREN AZALA AUKERATZEKO LEHIAKETA

“Pintzeladekin dantzan” izeneko lana izan da 15 proposamenen artetik hautatua, eta maiatzaren 30etik ekainaren 28ra egongo da ikusgai Zelai Ariztin.

Gaur, maiatzaren 30ean, sari banaketa ekitaldia egin da Zelai Ariztin, Zumarragako Udalak 2025eko Santa Isabel jaien egitarauaren azala aukeratzeko antolatutako lehiaketaren baitan. Irabazlea Nerea Murillo Telleria izan da, “Pintzeladekin dantzan” izeneko lanarekin. Saria 300 eurokoa da.

Egileak azaldu duenez, ilustrazioak uztailaren 2ko ezpatadantza irudikatzen du, Santa Isabel jaien egun nagusikoa. Obraren erdigunean emakumezko kapitain bat ageri da, eta horrek esanahi berezia du aurten hamar urte betetzen direlako emakumeek dantza horretan kapitain papera har dezaketenetik. Murillok adierazi du estilo berritzaile bat erabili duela aurreko lanekin alderatuta —2023ko lehiaketan ere lan saritua izan zen—, eta oraingoan pintzelkadak, trazuak eta tanta formako elementuak baliatu dituela eszena irudikatzeko; hortik lanaren izenburua: “Pintzeladekin dantzan”.

Guztira, 15 lan aurkeztu dira lehiaketara. Lan guztiak ikusgai izango dira Zelai Ariztiko sarrerako erakusketa-gunean, maiatzaren 30etik ekainaren 28ra. Ordutegia honakoa izango da: astelehenetik ostiralera 9:30etik 13:30era eta 15:00etatik 20:30era; larunbatetan, berriz, 10:00etatik 13:30era.

Zumarragako Udalak zorionak eman nahi dizkio irabazleari eta eskerrak eman parte hartu duten guztiei, beren sormenarekin gure jaien kultura aberasten laguntzeagatik.