Eduki publikatzailea
Atzealdea NEXT GENERATION FONDOEI ESKER EMAN DEN ZUMARRAGAKO HIRI ERALDAKETA IKUSARAZTEKO INFORMAZIO KARTEL BERRIAK
2025·06·20
NEXT GENERATION FONDOEI ESKER EMAN DEN ZUMARRAGAKO HIRI ERALDAKETA IKUSARAZTEKO INFORMAZIO KARTEL BERRIAK
Europako finantzaketarekin gauzatutako jarduerek herritarren bizi-kalitatea hobetzeaz gain, Zumarragaren historia eta nortasuna gogora ekartzen dituzten elementuen bidez udalaren izaera indartzen dute.
Zumarragako Udalak kartel informatibo berriak jarri ditu gaur goizean udalerriaren hainbat gunetan, Europako Batasunaren Next Generation funtsei esker egindako berrurbanizazio-proiektuen berri emateko. Kartel horiek obren eta finantzaketaren inguruko informazio teknikoa eskaintzeaz gain, udalerriaren memoria historikoa berreskuratzen duten ilustrazio eta kontakizunak ere barne hartzen dituzte, Zumarragaren nortasuna eta sustraiak indartuz.
Aipamen berezia merezi du Urolako Trenak, Zumarragaren garapen ekonomiko eta industrialaren ikurretako batek. Kartel batean trenaren irudi bat dago ikusgai; izan ere, bere garaian Zumarragako geltokia funtsezkoa izan zen Urola bailara Euskal Herriarekin lotzeko eta pertsonak zein merkantziak garraiatzeko. 1986an zerbitzua eten bazen ere, gaur egun herriaren memoria kolektiboan bizi-bizi dirau. Era berean, jarduketetan erabilitako material batzuek —hala nola korten altzairuak— trenaren ondarea oroitarazten dute.
Kartelak honako guneetan jarri dira: Jai Alai kalea, Legazpi kalea, Legazpi atzealdea (Ibaiondo, II. fasea) eta Secundino Esnaola 12-14 atzealdea (Ibaiondo, I. fasea). Hori guztia hiri-espazioak berritzeko estrategia baten barruan kokatzen da, irisgarritasuna, mugikortasun jasangarria eta elkarbizitza sustatzeko helburuarekin.
Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez (MRR) jasotako funts europarrei esker, honako proiektu hauek kofinantzatu dira:
- Jai Alai kalearen urbanizazioa: 527.783,11€, eta 513.679,07€-ko dirulaguntza.
- Legazpi kalearen erdi-peatonalizazioa: 720.301,30€, eta 570.992,74€-ko dirulaguntza.
- Legazpi-Ibaiondo atzealdearen berrurbanizazioa (II. fasea): 587.619,75€, eta 470.095,80€-ko dirulaguntza.
- Secundino Esnaola 12-14 atzealdearen berrurbanizazioa (I. fasea): 515.957,12€, eta 452.540,02€-ko dirulaguntza.
Jarduera horiek guztiak aurrez egindako lanari esker gauzatu ahal izan dira: proiektu helduak, ondo planifikatuak eta egituratuak izan dira, eta horrek aukera eman du 2 milioi euro baino gehiago eskuratzeko Zumarragaren berrikuntza urbanorako. Udalak lanean jarraituko du etorkizuneko finantzaketa-iturriak bilatzeko —hala nola Europakoak, Estatukoak edo Autonomiak—, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta Zumarraga gero eta jasangarriagoa, irisgarriagoa eta bere historiari lotuagoa izan dadin.