Eduki publikatzailea

Atzealdea UROLA GARAIAK BERDINTASUNAREKIN DUEN KONPROMISOA BERRETSI DU M8-AN

Zumarragak eta eskualdeko gainerako herriek indarrak batu dituzte borroka feministan

2025·03·06


Aurten ere, Urola Garaiko Mankomunitateak adierazpen instituzionala argitaratu du martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, dela eta. Kanpainaren eta adierazpenaren edukiaren aurkezpena gaur Urretxuko udaletxean prentsaurreko baten bidez egin da, mankomunitatea osatzen duten lau herrietako ordezkarien parte hartzearekin.

Oraingo honetan, Beijing-eko Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrenean jartzen du fokua manifestuak, genero berdintasunaren aldeko borrokan mugarri giltzarria. Azken hiru hamarkadetan aurrerapausoak eman diren arren, herrialde bakar batek ere ez du lortu oraindik emakumeen eta gizonen arteko erabateko berdintasuna. Hori dela eta, urteurren hau aukera bat da konpromisoak berritzeko, politika publikoak indartzeko eta gizarte bidezkoago eta berdinago baterako beharrezkoak diren eraldaketak bultzatzen jarraitzeko.

Aipatzekoa da aurtengo adierazpen instituzionala osoko bilkurara eraman zutela Zumarragako Udalean joan den otsailaren 18an eta aho batez onartu zutela.

Urola Garaia Berdintasunean eskualdeko berdintasun organoak herritarrei dei egin die M8aren inguruan antolatutako jarduerekin bat egiteko, borroka feminista ikusarazi eta emakumeen eskubideen aldeko lan kolektiboa indartzeko asmoz.

Tokiko konpromisoak

Urola Garaiko udalek, genero berdintasuna azkartzearen aldeko apustuan, agenda feminista globalarekin bat datozen funtsezko hainbat ekimenekin duten konpromisoa berretsi dute:

•Arreta eta koordinaziorako tokiko protokoloa indartzea, indarkeria matxistaren biktimei eta bizirik dirautenei erreparazioa emateko bide eraginkorrak bermatzeko.

•Indarkeria matxista prebenitzeko programak garatzea, herritarren sentsibilizazioa sustatuz eta bereziki gizonak eta haurrak inplikatuz. Horren adibide da gazteei eta nerabeei zuzendutako indarkeria eta ziber-indarkeria matxista prebenitzeko eskualdeko programa.

•Zainketen ekonomia ikuspegi feministatik eraldatzeko prozesuak bultzatzea, zaintza lanari balioa emanez eta bere banaketa ekitatiboa eta duina bermatuko duten politikak sustatuz.

Martxoaren 8a dela eta, hainbat ekintza

Eskualdean antolatutako jarduera egitarauaren barruan, Zumarragak hainbat ekimen aipagarri izango ditu:

  • Martxoak 4: Salda Badago dokumentalaren proiekzioa Zelai Arizti Aretoan, 19:00etan.
  • Otsailak 28: La semilla de la higuera sagrada filmaren proiekzioa Zelai Arizti Aretoan, 20:30ean.
  • Martxoak 8:
    • Merchandising salmenta eta pankarten sorkuntza emakumeen plazan (Emakumeen Plaza), 17:00etatik aurrera.
    • “Landa eremuko emakumeak, eta gainera baserritarrak” hitzaldia Zumarragako azokan, 11:30ean, Zumarragako Udalaren laguntzarekin.
  • Martxoak 6-17: Berdintasuna QRak erakusketa, herrian berdintasunaren inguruan hausnartzeko ekimena, Zumarragako Udalaren eta eskolen laguntzarekin.


 

Berdintasunaren aldeko lana lan kolektiboa da, eta tokiko erakundeek, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa izanik, politika eraldatzaileak sustatzen jarraitzeko ardura dute. Hori dela eta, Urola Garaiko Mankomunitateak berdintasunarekiko konpromisoa indartzen jarraituko du, aurrerapenak sendotuz eta oraindik ere badauden erronkei aurre eginez.

Martxoaren 8 honetan, beste behin ere, jendarteari dei egiten zaio etorkizun bat eraikitzen jarraitzeko, non emakume eta gizonen arteko berdintasuna errealitate eraginkorra izango den bizitzako esparru guztietan.