Eduki publikatzailea
Atzealdea UROLA GARAIKO ESKOLA KIROLAK AURRERAPAUSO BERRIA EMANGO DU 2026/2027 IKASTURTEAN INKLUSIOAREN, KALITATEAREN ETA IRISGARRITASUNAREN ALDE
2026·05·21

Gaur goizean aurkeztu dute Zumarragako Argixao udal kirolgunean Urola Garaiko Eskola Kiroleko 2026/2027 ikasturteko programa. Aurkezpenean parte hartu dute eskualdeko bost ikastetxeetako eta Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udaletako ordezkariek. Bertan izan dira Urretxu Zumarragako Ikastola, Gainzuri, La Salle, Haztegi eta Olamendi ikastetxeetako ordezkariak, baita Zumarragako alkate Mikel Serrano, Urretxuko alkate Jon Luqui eta Legazpiko kiroletako zinegotzi Josu Galilea ere.
Azken hiru ikasturteetan, eskualdeko eragileek elkarlanean jardun dute eskola kirola sustatu eta hobetzeko helburuarekin. Horretarako, ikastetxeek, eskualdeko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatutako talde eragileak etengabeko lanketa egin du, umeak erdigunean jarriko dituen eskola kirol eredua garatzeko.
2025/2026 ikasturtea eraldaketa prozesuaren lehen urratsa izan da. Ikastetxe bakoitzak bere barne antolaketan egituratu ditu jolashezi eta multikirol programak, eta prozesu horretan ZERKI Kirol Zerbitzuak laguntza teknikoa eskaini du. Aldi berean, tokiko administrazioek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beharrezko baliabide ekonomikoak, instalazioak eta dirulaguntzak bideratu dituzte programa sendotzeko.
2026/2027 ikasturtean, berriz, hiru lan ildo nagusi jarriko dira martxan. Lehenik eta behin, alderdi ekonomikoari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak baliabide gehiago bideratuko ditu kirol hastapena benetan unibertsala izan dadin. Horrela, 2025/2026 ikasturtean Hezkuntza Beka jaso duten familiek doako izen-ematea izango dute. Gainera, Gipuzkoa mailako prezioen estandarizazioaren bidetik, multikiroleko programaren kostua 60 eurokoa izango da ikasturte osoan, eta jolashezikoa 30 eurokoa.
Bigarren lan ildoa eskualdeko kirol klubekin lankidetza indartzea izango da. Helburua da multikirol programak Urola Garaiko kirol eta jarduera fisikoaren eskaintza zabala barne hartzea eta, horretarako, gaur egun dagoen lankidetza sendotzen jarraitzea.
Azkenik, desgaitasunen bat duten ikasleen inklusioa sustatzeko neurri berriak ere aurkeztu dira. Alde batetik, inklusioaren ikuspegitik lan egingo da, eta bestetik, beharrezkoa denean egokitutako taldeak osatzeko aukera landuko da. 2026/2027 ikasturtean kolektibo honentzako lehen eskaintza egituratua martxan jarriko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldian parte hartu ezin izan duen arren, talde eragileak azpimarratu nahi izan du erakundearekin elkarlanean jarraitzen dutela eskualdeko eskola kirola sendotzen eta hobetzen jarraitzeko helburuarekin.
Aurkezpenean gogorarazi dutenez, 2026/2027 ikasturterako izen-ematea maiatzaren 25etik ekainaren 5era egongo da zabalik. Antolatzaileek azpimarratu dute eskaintza, ordutegiak eta prezioak familien beharretara egokituta prestatu direla, eta zalantzak dituzten familiei beren ikastetxeko erreferenteengana jotzeko gonbidapena egin diete.
Amaitzeko, eskola kiroleko talde eragileak Urola Garaiko familiak animatu nahi izan ditu egitasmo honetan parte hartzera, helburu argi batekin: ume guztiak erdigunean jarriko dituen eta guztiontzako izango den eskola kirola eraikitzen jarraitzea.




