Eduki publikatzailea

Atzealdea UROLA GARAIKO “KIROLEAN EUSKARAZ” PROIEKTUA, DIAGNOSTIKOETATIK ESKU-HARTZEETARA PASATUKO DA

Urola Garaiko kirol taldeek baliabide berriak izango dituzte euskararen erabilera bultzatzeko.

2025·04·02


2025erako ekintzak aurkeztu ditu Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakariak, Jon Luquik lau udalerrietako euskara zinegotziekin batera: Edurne Matias Gaztañaga (Legazpi), Josu Idigoras Egia (Zumarraga), Alex González Duque (Urretxu) eta Itziar Etxezarreta Arakistain (Ezkio-Itsaso). Halaber, aurkezpenean parte hartu du Mikel Pérez González-ek, EMUN kooperatibako teknikari eta proiektuaren arduradunetako batek.

Martxoaren azken egunean aurkeztu ziren Urretxuko portaloiean kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko jarduera zehatzak. Lehendakariak, Jon Luquik, 2019tik egindako lanen berri eman zuen: euskara hutsean entrenatzen duten 16 urtez azpiko taldeak biltzen dituzten hiru katalogo argitaratu eta postontzietara bidali dira, Goierriko Hedabideekin eranskinak sortu dira eta bideoen bidez ere hedatu dira. Gainera, azken udazkenean, kluben barruan euskararen inguruko diskurtso desberdinak jasotzea izan da helburua, elkarrizketa eta parte-hartze uneen bidez.

Horren guztiaren harira, Mikel Pérez-ek aurten egingo diren esku-hartze zehatzak aurkeztu ditu, hiru ekimen nagusitan banatuta:

  1. Euskara mikroplanak 3 klubetan: Diagnostikoetan oinarrituta, EMUN kooperatibak hiru elkarteei laguntza eskainiko die euren erakundean euskararen plana garatu eta erabilera handitzeko.
  2. Kirol Mahaiaren sorrera: Urtean bitan bilduko dira eskualdeko kirol elkarte guztiak, euskararen erabilerari buruzko esperientziak partekatzeko eta baliabideak eskaintzeko.
  3. Kirol elkarteei zuzendutako mezuak: Urte honetan zehar, lau mezu bidaliko zaizkie eskualdeko kirol elkarteei, “euskara eta kirola” gaiaren inguruan, entrenatzaile, familia eta beste eragileekin zabaltzeko.

Lehendakariak, Jon Luquik, berriro hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie kirol elkarteei eta entrenatzaileei -euskaraz entrenatu ala ez-, “Kirolean Euskaraz” proiektuaren alde orain arte egin duten ahaleginagatik. Konpromiso hori aintzat hartu zuen Eusko Jaurlaritzak, otsailean “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” (ikus albistea) sarietan aipamen berezia eginez. Halaber, Mankomunitateak klubentzako baliabideak eskaintzen jarraitzeko borondatea berretsi du.