Eduki publikatzailea

Atzealdea UROLA GARAIKO “KIROLEAN EUSKARAZ” PROIEKTUA IZENDATUA IZAN DA EUSKO JAURLARITZAREN “KIROLETIK BAGOAZ EUSKARAZ” SARIETAN

“Kiroletik Bagoaz Euskaraz” sariaren helburua kirol munduan gertatzen diren euskararen aldeko praxiak balioan jartzea da. Urola Garain azken sei urteetan egindako lanak jaso du izendapena.

2025·02·19


Sari horrek Jaurlaritzaren “2021-2024 Kirolean Euskara Sustatzeko Planean” du bere jatorria. Euskararen erabilera aktibatzeaz eta sustatzea da errekonozitu nahi dena, eta hor kokatuko litzateke sari honen sorrera. Hori horrela, egitasmo honek kirolean euskararen erabilera era sistematikoan lantzen duten klubei zein pertsonei aitortza egin nahi die.

Aurten, Urola Garaia mankomunitatea izan da sari horietarako hautagaietako bat. Izan ere, azkeneko 6 urtetan hiru diagnostiko kuantitatibo eta kualitatibo bat egin ditugu, eskualdeko kirol elkarteek kudeatzen dituzten eskoletan eta udal kirol zerbitzuetan, bereziki 16 urtez azpikoen artean, euskararen erabilera areagotzeko xedearekin. Diagnostiko horietatik, hiru katalogo argitaratu ditugu gure herrietan euskaraz entrenatzen duten taldeak nabarmenduz, eta balioa eman asmoz, gehiago ere batu dakien. Katalogo horiek hainbat eratara zabaldu ditugu: etxe guztietara, Goierriko Hedabideekin lankidetzan, sei bideo laburretan… helburu nagusia gaztetxoei entrenamenduak euskaraz eskaintzen dizkieten entrenatzaileen lana goraipatzea ere izan da.

Osteguneko ekitaldian, Jon Luqui mankomunitateko lehendakariak jaso du aitorpen diploma.

Dena den, aitortza hori eskualdeko kirol-klubena ere bada, haien parte-hartzerik gabe ezin izango bailitzateke mankomunitate mailako “Kirolean euskaraz” aurrera eraman. Beraz, lerro hauen bidez, gure eskerrik beroena gure herrietako klub guztiei, besteak beste, euskararen erabilerari ere egiten dioten ekarpenarengatik.