Eduki publikatzailea

Atzealdea UROLA GARAIKO OINARRIZKO KIROLEAN EUSKARAK PRESENTZIA IRABAZI DU TOKIKO HIRU KLUBEN MIKROPLANEI ESKER

Urola Futbol Taldea, Goierri Saskibaloi Taldea eta Ilintxa Kirol Elkartea, Urola Garaiko Mankomunitatearekin batera, bi urteko lana amaitu dute diagnostikoekin, ekintza zehatzekin eta kirol arloan euskararen erabilera sendotzeko akordio batekin

2026·06·18


Urola Garaiko Mankomunitateak eta Urola Futbol Taldea, Goierri Saskibaloi Taldea eta Ilintxa Kirol Elkartea kirol klubek gaur akordio bat sinatu dute “Kirolean Euskaraz” proiektuari jarraipena emateko, eskualdeko oinarrizko kirolean euskararen erabilera sendotzeko eta indartzeko helburuarekin. Ekitaldiak, gainera, bi urteko lan bateratuaren emaitzak aurkezteko eta lankidetzarako fase berri bat irekitzeko balio izan du.

Proiektuak 2025-2026 ikasturtean diagnostikotik esku-hartze zuzenetara egin du jauzia, eta horri esker klub bakoitzaren errealitatera egokitutako mikroplanak martxan jarri dira. Ekintza horien helburua da euskararen presentzia areagotzea entrenamenduetan, barne-komunikazioetan eta kirol-entitateen eguneroko dinamikan, haur eta gazteentzako sozializazio-gune giltzarritzat jotzen baitira.

Nabarmentzeko ekintzen artean, Urola Futbol Taldeak Plan Estrategikoa eta 2026rako ekintza plana definitu ditu, terminologia bateratua landu du, dokumentu eta txantiloi berriak sortu ditu eta entrenatzaileekin hizkuntza lantzeko prozesu bati ekin dio. Goierri Saskibaloi Taldeak, bere aldetik, hizkuntza-irizpideak zehazteko, teknikarien inplikazioa indartzeko eta euskararen kudeaketa klubaren eguneroko erabakietan txertatzeko lanean jarraitzen du. Ilintxa Kirol Elkarteak, berriz, egindako hausnarketa prozesua oso positibotzat jo du, eta euskararen erabilera ikuspegi estrategikotik lantzearen beharra azpimarratu du, hurrengo hilabeteetan bere plana garatzen jarraitzeko konpromisoa berretsiz.

Proiektua bultzatu duten erakundeek emaitza positiboak azpimarratu dituzte, eta adierazi dute kirol arloan euskararen kudeaketan kultura berri bat eraikitzen hasi dela. Hala ere, proiektua abiapuntutzat jotzen dute, eta ez helmugatzat.

Etorkizunera begira, hiru erronka nagusi ezarri dira: klub gehiagoren parte-hartzea handitzea, entrenamenduetan neurrien benetako eragina indartzea eta jada hasitako lana sendotzea.

Prentsaurrekoa amaitzean, Urola Garaiko Mankomunitateak eta parte hartzen duten kirol klubek lankidetza jarraitzeko eta egindako lan bateratua sendotzeko akordioa sinatu dute.