Eduki publikatzailea

Atzealdea UROLAKO GELTOKI ZAHARRAREN BERRESKURATZE LANEK AURRERA JARRAITZEN DUTE, BAI ERAIKINEAN, BAI INGURUAREN URBANIZAZIOAN

Udalak obra bisita berri bat egin du; eraikinaren birgaitzeak aurrera egiten jarraitzen du eta urbanizazioa azken faseetara iristen ari da, aurreikusitako aurrekontuaren ia % 86 gauzatuta dagoela

2026·09·25


Zumarragako Udalak obra bisita berri bat egin du gaur Urolako geltoki zaharra berreskuratzeko lanen bilakaera bertatik bertara ezagutzeko. Jarduketak aurrera egiten jarraitzen du, bai eraikin historikoaren birgaitzean, bai haren ingurunearen urbanizazioan. Bi esparru horien bidez, espazioa berreskuratu eta herritarren zerbitzura jarriko da, erabilera berriak emanez.

Urbanizazioari dagokionez, lanak fase aurreratuan daude. Elektrizitate eta argiteria hartuneak egin dira, baita saneamenduari dagozkionak ere, eta perimetroko zintarriak ere jarrita daude. Jarduketa horiek amaituta, asfaltatze eta margotze lanak dira nagusiki urbanizazioaren atal hau osatzeko falta direnak.

Kanpoko jarduketak, gainera, geltoki zaharraren ingurua eraikinera sartzeko gune hutsa baino zerbait gehiago bihurtzea ahalbidetuko du. Berdeguneak eta egoteko espazioak sortuko dira eta eremuak klima babesleku gisa ere funtzionatuko du, Zumarragako erdigunean espazio atsegin eta erabilgarri bat eskainiz.

Eremu horretan bertan, gaur egun dagoen bizikletak mantentzeko puntua indartu eta osatuko da, espazio berriaren antolamenduan integratuz eta gune honek mugikortasun aktibo eta jasangarriarekin duen lotura mantenduz.

Eraikinari dagokionez, lanak hainbat solairu eta gunetan ari dira aldi berean aurrera egiten. Eranskin berria dagoeneko eginda dago, eta igogailuaren hutsuneari eta gainerako elementuei lotutako burdineria lanak ere burutu dira. Sarbideko eskailerak ere amaituta daude, baita eranskinaren barruko espazioen banaketa eta bereizketak ere.

Eraikin nagusian, berriz, fatxada egokitzeko eta estalkia berritzeko lanak egiten ari dira. Estalkiaren kasuan, aurretik egitura indartu behar izan da, eta lan hori amaitu ondoren, teila berriak jartzen ari dira gaur egun.

Barrualdean ere nabarmen egin dute aurrera lanek. Lehen solairuan beharrezko instalazioak egin dira, besteak beste, argiteria, telekomunikazio eta iturgintzakoak, eta espazioen barne banaketa osatu da. Era berean, barruko trasdosatua egin da isolamendua txertatuz, eraikinaren prestazioak hobetzeko.

Lan horiek beraiek beheko solairu nagusira eramaten hasi dira orain, eta bertan aurreikusitako instalazioak, banaketak eta isolamendu soluzioak gauzatzen hasi dira.

Teilatupeko espazioan ere trasdosatua amaituta dago, eta eraikinaren klimatizazio sistemari lotutako instalazioak eginda daude. Horrela, obraren hasierako faseetan egindako egitura lanetatik instalazioetara, espazioen behin betiko konfiguraziora eta ondorengo akaberetara igarotzen ari da pixkanaka proiektua.

Lanen aurrerapena proiektuaren gauzatze ekonomikoan ere islatzen da. Gaur egun, 1.050.000 euro gauzatu dira BEZik gabe; hau da, 1.270.500 euro BEZa barne, lizitazioaren 1.477.000 euroko guztizko zenbatekotik. Horrela, jarduketaren gauzatze ekonomikoa aurreikusitako aurrekontuaren % 86 ingurukoa da dagoeneko. Guztizko zenbatekotik, 1.400.000 euro Eusko Jaurlaritzak finantzatuko ditu, eta gainerako inbertsioa Zumarragako Udalaren kontura izango da.

Esku-hartzearen helburua ez da soilik eraikina kontserbatzea, baita haren historia eta trenbideak zein geltokiek Zumarragan izan duten garrantzia presente mantentzea ere. Horren harira, Udala eranskin berriaren fatxadako paneletako batean Zumarragako geltokien historia jaso eta gogora ekarriko duen mural edo esku-hartze artistiko bat egiteko aukera aztertzen ari da, eraikinaren iragana eta etorkizuneko erabilerak lotuz.

Urolako geltoki zaharra izaera sozial eta komunitario nabarmena izango duen espazio bihurtuko da. Besteak beste, Emakumeen Etxea, auzo bilerak egiteko espazioak eta Estaciones auzoko jai batzordearentzako topagunea hartuko ditu. Era berean, Familia Elkargunea bertan kokatuko da —eskualdean eta eskualdetik harago ere zerbitzua emateko asmoz—, baita ZU Mugituz zerbitzua eta Zumarragako Gizarte Zerbitzuek kudeatutako ongizate emozionalarekin eta gizarte arretarekin lotutako hainbat zerbitzu ere.

Eraikina berreskuratzeak eta haren ingurua eraldatzeak, horrenbestez, proiektu berean ondarearen kontserbazioa, zerbitzu publiko berriak, ongizatea, mugikortasun jasangarria eta hiri espazioaren hobekuntza uztartzea ahalbidetuko du, Zumarragako historiari estuki lotutako eraikin bati bizitza berri bat emanez.