Eduki publikatzailea
Atzealdea URRETXUKO ETA ZUMARRAGAKO HIRU IKERLARIK EUREN LANAK AZALDUKO DIZKIETE HERRIKIDEEI ZIENTZIA ZETAZ JARDUNALDIAREN BAITAN
2025·02·06
Otsailaren 11n izango da, 18:00etan, Zelai Arizti kultur etxean
Emakume eta neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna baliatu nahi izaten dute Urretxuko eta Zumarragako udaletako Euskara Zerbitzuek komunitateko ikerlarien lanak ezagutarazteko. Otsailaren 11n, 18:00etan, Zelai Arizti kultur etxean, Maialen Akizu Bidegainek, Irati Zuriarrain Asurmendik eta Miren Arrieta Bernarasek aurkeztuko dituzte euren ibilbidea eta ibilbidean zehar jasotakoak, era dibulgatiboan. Hala, herrikideekin partekatuko dute euren jakintza.
Akizu soziologoa da, eta kulturgintza eta generoa ditu ikergai. Zuriarrain, aldiz, historialaria da, historia garaikidea du ikergai egun, baina Aranzadin aritutakoa ere bada. Arrieta, azkenik, larrialdietako medikua eta doktorea da.
Hogei bat minutu izango ditu bakoitzak, eta, ondoren, bertaratutakoek ere izango dute galderak egiteko aukera.
Neguko Aroz Aro diseinatzeko parte hartze saioan proposatu zuten ekintza bertaratutakoek. Hurrengo parte-hartze saioa, Udaberriko Aroz Aro diseinatzeko otsailaren 18rako deitu dute, 17:30ean Zelai Arizti kultur etxean.