Eduki publikatzailea
URRIAK 11 ETA 12, GIPUZKOAN GAZTE TOUR 2024 ZUMARRAGARA ITZULIKO DA KULTUR PROGRAMAZIO ZIRRARAGARRI ETA ANITZAREKIN
2024·09·27
URRIAK 11 ETA 12, GIPUZKOAN GAZTE TOUR 2024 ZUMARRAGARA ITZULIKO DA KULTUR PROGRAMAZIO ZIRRARAGARRI ETA ANITZAREKIN
Kulto Kultibo, AimarZ eta Ayvee dira Zumarragako Gipuzkoako Gazte Tourreko karteleko liderrak
Gaur, Zumarragako Udaleko Gazteria sailak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Gazteria Departamentuarekin batera Gipuzkoan Gazte Tour 2024ko udazkeneko programazioko lehen hitzordua aurkeztu du. Izan ere, programa dagoeneko kultur erreferentzia bihurtu da Gipuzkoako gazte eta nerabeen artean. Ekitaldi hau musikaren eta arte eszenikoen ingurukoa da eta probintziako hainbat herrirekin lankidetzan gauzatuko da. Hain zuzen ere, udazkeneko edizioa Zumarragan hasiko da urriaren 12an.
Prentsaurrekoan Isaac Palencia Gazteriako foru zuzendaria eta Nerea Errasti Zumarragako Gazteria zinegotzia izan dira. Errastik, "oso pozik" agertu da aurtengo kartelarekin. «Aurreko edizioetan bezala, urriaren 12an lehen lerroko artistez eta Zumarragako talentu gazteez gozatzeko aukera izango dugu. Zumarragako Udaletik Gipuzkoako Foru Aldundia animatu nahi dugu programa honen aldeko apustua egiten jarrai dezan, bertan aukera ematen baitzaie gure udalerrietako gazteei hainbat ekitalditan parte hartzeko».
Bestalde, Palenciak azpimarratu duenez "gure helburua da Gipuzkoa osoko gazteei beren kezkak eta gustuak islatzen dituzten kalitatezko kontzertuak hurbiltzea, lehen mailako kultur esperientziak eskainita. Beren talentuari balioa ematen dion eta sormenez garatzeko espazio bat eskaintzen dien ekitaldi honen parte senti daitezen nahi dugu".
Gipuzkoan Gazte Tour gazteentzako ekimena da, eta Zumarragak 2018tik hartu du parte bertan. Gainera, aurten, programak bere tailer pedagogikoak berreskuratuko ditu. Zumarragako edizio berri honetan, gazteen talentua eta sormena sustatzeko diseinatutako masterclass bat txertatuko da.
Hauek dira programatutako jarduerak:
Urriaren 11n, ostirala, Sarai Santano koreografo eta dantzari ospetsuak doako dantza-masterclass bat emango du Gure Txoko Gizarte Etxeko 4. solairuan, 18:00etan. Hau aukera paregabea izango da herriko gazteek dantza garaikidearen arloan onenetako batengandik ikasteko. Masterclass honetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da online, eta udalaren webgunean eta sare sozialetan nahiz udalerriko gune estrategikoetan banatuko den informazio-kartelean egiteko aukera izango da (Kultur Etxea, ikastetxeak, kirol-establezimenduak, etab.).
Izen-ematea: https://forms.office.com/e/019et7JAF5
Urriaren 12an, larunbata, 20:00etan eta Izazpi auzoaren estalkian gorabidean dauden artistek eta bertako artistek parte hartuko duten doako kontzertu batera joateko aukera izango dugu.
Oraingo honetan eta Ayvee abeslari eta aktorearen aurkezpenarekin, Kulto Kultibo taldea entzuteko aukera izango dugu, Irungo rap-reggae taldea, Level bere azken lana aurkeztuko duen rap espainiarraren erreferente bat.
Gainera, aurten, Zumarragako gazteen iritziak eta proposamenak jasotzeko eta haien gustuak bertatik bertara ezagutzeko asmoz, Gazteria Sailetik, eta udaleko sare sozialen bitartez, partaidetza-prozesu bat egin da, eta bertan beraiek erabaki dute Kulto Kultiborekin batera arituko den artista Aimar Zurriarain zumarragarra izango dela. AimarZ izenez da ezaguna maila artistikoan, eta bere lehen EPa aurkeztuko du, "MI CORE" izenekoa, hyperpoparen eta beste genero batzuen mugen esplorazioa.
Zumarragako Udaletik eskerrak ematen dizkiogu Gipuzkoako Foru Aldundiari horrelako ekimenetan laguntzen jarraitzeagatik eta herritarrei programa honetan parte hartzera eta gozatzera animatzen ditugu.
ZUMARRAGA, URRIAK 12
Lekua: Izazpi estalkia
Sarrera: Doakoa
Ordua: 20:00etatik aurrera
Aurkezlea: AYVEE (Andrea Vitori )
Txikitatik Ayveek musikarekiko zuen grina hain zen handia, ezen koreografiak sortu, abestu eta eskolan emanaldiak egiten baitzituen; horrela, 2020ko irailean "Amaitu da" bere lehen abestia atera zuen. Bere inguruan harrera ona izan zuen, eta irratian, telebistan eta sare sozialetan elkarrizketak egin zizkioten. Pandemiaren ondoren gertaera ikaragarri bat izan ondoren, depresio batean murgildu zen, eta ezin izan zuen jarraitu musika sortzen; hala ere, bere onera etortzeko bide luzea egin ondoren, orain bigarren diskoa plazaratu du, gertatu den guztia salatuz eta kontatuz. Medusa diskoarekin oihartzun mediatiko handia izan zuen, eta emakume askori lagundu ahal izan die gertatu zitzaiona kontatuta.
TOKIKO ARTISTA: AimarZ
Aimar Zuriarrain Asurmendi, Aimarz izenez ezagutzen dena, Zumarragako musikari gazte bat da. Musika oso txikitatik izan da bere bizitzaren funtsezko parte. 15 urterekin, bere lehen abestia argitaratu zuen, bere musika-ibilbideari hasiera emanez. Orain, 18rekin, beren lehen EPa aurkeztuko du, «MI CORE» izenburuarekin, hyperpoparen eta beste zenbait generoren mugak aztertzeko baliatu duena. Aimarz autodidakta da eta bere musika sortzen eta produzitzen ikasi du; hainbat soinu eta estilo esploratu ditu. Aurten, Eguzki Azkarate musika-ekoizlearen laguntza izan du bere EPa sortzeko, eta horrek ukitu profesional bat eman dio bere lanari. Gaur egun, Aimarzek musikarekiko grina bateratzen du Salamancan egiten ari den Biologiako ikasketekin. Kontzertu hau mugarri berezia da beretzat, zuzeneko lehen emanaldia izango baita.
ARTISTA NAGUSIA: Kulto Kultibo
Kulto Kultibo Euskal Herrian sortu zen 2008an, zehazki Irunen, eta musika-eszenan aztarna utzi duen rap talde bat da. Honako hauek osatzen dute: Peca (Mc), Samu (Mc), Seta (Dj) eta Aimar (soinu-teknikaria). Taldearen ezaugarri nagusia da hip-hopa fusionatzen dutela reggaerekin eta erritmo urbanoekin. Bere letrak kritika sozialaz eta esperientzia pertsonalez beteta dude eta musikan benetakotasuna eta mezua bilatzen dituen belaunaldi honekin konektatu du. Kulto Kultibok diskografia sendoa du eta eszenatokian apartak dira; horregatik, Espainiako raparen erreferentea dira oraindik ere, beren generoan mugarri izan baitira. Orain bosgarren albuma estreinatu dute, "Level", beren esentziaren eta rap/reggaeren munduko ibilbidearen isla nabarmena da, baina oraingoan beste maila batera iritsi dira, emaitza askoz ere profesionalagoa da. Diskoan erritmo berri eta ausartak aurki ditzakegu, «Kulto Kultibo»ren estiloko abestiak, berezkoa duten xarma hori galdu gabe.