Eduki publikatzailea
Atzealdea URTEETAKO ELKARLANA ETA EKIMEN BERRIA: STREET SCAPE
2025·11·21

URTEETAKO ELKARLANA ETA EKIMEN BERRIA: STREET SCAPE
Bitartean eta Urretxu eta Zumarragako Euskara Zerbitzuen arteko elkarlanari jarraiki aurten ekimen berria izango da Euskararen Egunean: Street Scape ginkana
Urretxuko eta Zumarragako Udaletako Euskara Zerbitzuek, Bitartean merkatarien elkartearekin eta Merkasaretzarekin elkarlanean, Euskararen Egunaren bueltarako ekimen sorta aurkeztu dute, tartean berrikuntza nagusi gisa “Street Scape” kaleko ginkana. Prentsaurrekoa Urretxu-Zumarragako Merkasaretzako bulegoan egin da, eta bertan izan dira Alex Gonzalez, Urretxuko Udaleko Euskara Batzordeburua, Josu Idigoras, Zumarragako Udaleko Euskara Batzordeburua, eta Idoia Ormazabal Bitartean elkarteko ordezkari.
Urteetako elkarlana: euskara eta herriko merkataritza eskutik
Udaletako Euskara Zerbitzuek eta herriko merkatari eta ostalariek urteak daramatzate elkarrekin lanean, bai hizkuntza-ohitura berriak sustatzen, bai establezimenduetan euskararen presentzia indartzen.
2006. urtetik, “Merkataritzan euskaraz” programaren bidez, hainbat ikastaro, lehiaketa eta kanpaina antolatu dira, eta dirulaguntza bateratuak eman zaizkie Legazpi, Urretxu eta Zumarragako merkatariei eta ostalariei errotuluak, establezimenduko hizkuntza-paisaia, irudi korporatiboa edo webgunea euskaraz jartzeagatik. Kalkuluen arabera, ia 20 urteotan 55.000 euro inguru banatu dira Urretxu eta Zumarragako establezimenduetan euskararen irudia indartzeko.
Familia transmisioaren alorrean ere egin da lana: 2015ean hasi ziren Udal Euskaltegiko guraso-taldeekin lehiaketak antolatzen, eta 2018tik aurrera herriko ikastetxeetako gurasoek ere parte hartzeko aukera izan dute. Ordutik, 15.350 euro banatu dira 50 euroko bonotan, gurasoek herriko establezimenduetan gastatu ahal izateko; azken bi urteetan, sari horiek Bitartean elkartearen bonoen bidez banatzen dira.
Street Scape: gaztetxoak eta saltokiak euskaraz konektatzen
Euskararen Egunaren inguruko ekintzarik berritzaileena Street Scape ginkana izango da, abenduaren 3an egingo dena. Helburua da Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBH 2. mailara bitarteko gaztetxoak eta herriko merkataritza euskararen bidez harremanetan jartzea, kalean eta saltokietan euskaraz bizitzeko esperientzia ludiko bat eskainiz.
• Eguna: abenduaren 3a
• Ordua: 17:00 – 18:00
• Non: Urretxu eta Zumarragako kaleetan, herriko saltokietan geldituz
• Nori zuzendua: LH 5etik DBH 2ra arteko ikasleei
Parte-hartzaileek hainbat proba egingo dituzte, eta probak ondo eginez joango dira azken emaitza osatzeko beharrezko piezak herriko saltokietan jasotzen. Street Scapea amaitzen dutenen artean, Bitartean elkarteko 50 euroko sei bono zozkatuko dira, eta, zozketa, Zumarragako Euskadi plazan egingo da, 18:05ean.
Izena emateko azaroaren 21ean hasiko da eta abenduaren 1era arte egongo da zabalik; udal webguneetan eta sare sozialetan argitaratuko dira izen-emate orriak. Hauxe da lotura: lotura
Ekimen honen bidez, gaztetxoek herriko eskaintza zabala ezagutzea ere bilatzen da, eta merkatariak komunitatea euskaraz saretu eta biziberritzeko ardatz gisa azpimarratu dira.
Euskararen Egunaren inguruko gainerako ekintzak
Street Scape ginkanaz gain, Euskararen Egunaren bueltan beste hainbat ekintza ere antolatu dira:
• Mintzodromoa – azaroaren 29an, 11:00etan
Zelai Arizti kultur etxean izango da. Dinamika berriak erabiliko dira elkarrizketak biziagoak izan daitezen, eta parte-hartzaileek Hikaz ere egiteko aukera izango dute. Gainera, Argazki-Hizkiak lehiaketako sari banaketa, Antxiñe Mendizabalen Katona liburuko pasarte baten irakurketa, eta Olaia eta Amaiur musikarien emanaldia izango dira.
• Euskararen Kriseilua – abenduaren 3an, 18:00etan, Labeaga aretoan
Lehen Hezkuntzako 1. mailako haurrek asteotan Kriseiluak etxean izan dituzte, etxean euskararen erabilera indartzeko ideiak lantzen. Parte hartu duten haurrek diploma jasoko dute, eta ipuin-kontalaria eta beste hainbat sorpresa izango dira.
• Zintzo Mintzo kanpainaren amaiera – abenduaren 3an, 18:00etan, Euskadi Plazan
Udalek lagundutako ekimena da; sare sozialetan egindako kanpainaren amaiera ospatzeko, bakarrizketa, musika eta mokadua izango dira Zumarragako Euskadi Plazan.
Informazio gehiago eta parte hartzeko gonbidapena
Euskararen Egunaren bueltako ekimen guztiei buruzko informazio eguneratua Urretxuko eta Zumarragako udalen webguneetan eta sare sozialetan egongo da eskuragarri. Zalantzak izanez gero, herritarrek Euskara Zerbitzuetara jo dezakete ohiko bideen bidez, bai informazioa jasotzeko, bai ekarpenak egiteko.
Udalek eta Bitartean elkarteak herritar guztiak animatu dituzte antolatutako ekintzetan parte hartzera, eta gogorarazi dute Euskara Zerbitzuen eta herriko establezimenduetako ateak zabalik daudela, euskaraz bizitzeko bidean elkarlanean jarraitzeko.


