Eduki publikatzailea

Atzealdea XIX. GABONETAKO ERAKUSLEIHO LEHIAKETA

Gabonak hurbiltzen ari dira, eta horrekin batera, Urretxu eta Zumarragako XIX. Gabonetako erakusleiho lehiaketa

2024·11·08


XIX. GABONETAKO ERAKUSLEIHO LEHIAKETA
Gabonak hurbiltzen ari dira, eta horrekin batera, Urretxu eta Zumarragako XIX. Gabonetako erakusleiho lehiaketa.

Gabonak bueltan dira eta 2016tik urtero bezala, Gabonetako erakusleihoek magiaz beteko dituzte berriro Urretxu eta Zumarragako kaleetan. XIX. edizio honetan, bi udalerrietako udalek eta BITARTEAN erakundearen laguntzarekin sustatutako ekimen honek, kaleak animatu eta biziaraztea du helburu, aldi berean, gabonetako kanpainan tokiko merkataritza-jarduera sustatzea eta gure udalerrietan gastua atxikitzea.

Ekimen honek, saltokietako erakusleihoak benetako artelan bihurtzea bilatzen du, herritarrak Gabonetako espirituaz gozatzera gonbidatuko dituen jai giroa sortuz. Gainera, lehiaketaren helburua, erosketak bultzatzea da, Urretxu eta Zumarragako bizilagunei erosketak egiteko aukera eroso eta hurbil bat eskainiz, aldi berean, bertako merkatariei laguntza eta balio mezu bat helaraziz.

Azken urteetako lanen maila ikusita, Gabonetako Erakusleihoen XIX. edizioa sormenez, kolorez eta tradizioz betetako ekitaldia izango da,  Urretxu eta Zumarragako kaleak edertuko dituena.

Lehiaketako irizpideei dagokienez, udalek azaldu dutenez, "lehiaketaren helburua erakusleihoak saritzea da, gabon giroarekin duen zerikusia, haien imajinazioa, originaltasuna eta  publizitate-mezuaren eraginkortasuna, baita erakusleihoaren kalitate estetikoa eta Gabon giroarekin duten lotura ere". Halaber, adierazi dute "garrantzitsua dela erakusleihoetan establezimenduaren ohiko salmenta-artikuluak nagusitzea".

Aurten ere, lehiaketak epaimahaia izango du, honako bost kideek osatuta:

  • Gipuzkoako Merkataritza Federazioko ordezkaria.
  • Eskualdeko merkataritza teknikaria.
  • Urretxuko Udaleko teknikaria.
  • Zumarragako Udaleko Ekonomia Sustapeneko teknikaria.
  • Arte Ederren eskola edo tailerreko kide bat.

Sariak  honako hauek izango dira:

  • Lehen saria: Diploma + Bertatik Bertara produktuen saskia + 200 euroko bonoa tokiko saltokietan kontsumitzeko.
  • Bigarren saria: Diploma + Bertatik Bertara produktuen saskia + 100 euroko bonoa tokiko saltokietan kontsumitzeko.
  • Hirugarren saria: Diploma + Bertatik Bertara produktuen saskia.
  • Aipamen bereziak: Diploma.
  • Herritarren saria: Diploma + Bertatik Bertara produktuen saskia.

Herritarren Saria BITARTEAN elkarteak kudeatuko du. Irabazlea aukeratzeko, Urretxu eta Zumarragako bizilagunek abenduaren 16era arte bozkatu ahal izango dute WhatsApp bidez (688 812 209), webgunearen bidez (www.bitartean.eus), eta erakusleihoetan izango den QR kode baten bidez. Saltoki bakoitzak bereizgarri bat izango du, herritarrek erraz identifika ditzaten lehiaketan parte hartzen duten establezimenduak.

Gainera, bozkatzeko parte hartzen duten bizilagunek aukera izango dute 100€-ko bonoa irabazteko, izan ere, Bitartean elkarteak sari hori zozketatuko du boto-emaileen artean, eta lehiaketan parte hartzen duen edozein establezimendutan gastatzeko aukera emango dio.

Lehiaketan parte hartu nahi duten saltokiek, azaroaren 11 eta 25 bitartean izena eman behar dute Urola Garaiko Merkataritza Teknikako Bulegoan (Labeaga, 56 Urretxu). Izena emandako saltokietako erakusleihoak abenduaren 7rako prestatu eta jarriko dira, eta argiztatuak egon behar dira gaueko 21:00ak arte.

Epaimahaiaren epaia eta sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 18an, asteazkenean, 13:30etan izango da Urretxuko Udaletxean.

Bi udalek azpimarratzen dute "Urretxu eta Zumarragako dendetarako berriro ere aukera paregabea dela herri hauen bizitzari kolorea eta bizia ematen jarraitzeko". Horrez gain, eskerrak eman dizkiete "bai urtero lehiaketan parte hartzen duten saltokiei, bai hainbat arrazoi direla medio parte hartu ez dutenei, egun berezi hauetan gure udalerrietako kaleak edertzen eta biziarazten egindako ahaleginagatik".

Erosteko erabakia gutako bakoitzak hartzen du: Lagun diezaiegun gure herriko saltokiei.
 


• XIX. GABONETAKO ERAKUSLEIHO LEHIAKETA-ren oinarriak.