Eduki publikatzailea
Atzealdea ZATOZ ETA EZAGUTU NIRE AUZOA: MENDIZABAL INDUSTRIALDEAREN HISTORIA EZAGUTZEKO PROPOSAMENA
2026·05·08

Zumarragako Udalak, Gizarte Zerbitzuen Sailaren bidez eta udal artxiboaren laguntzarekin, Mendizabal auzoan bi bisita gidatu antolatu ditu Tau Taupadak programaren barruan. Helburua herritarrei auzoaren historia eta bilakaera soziala gerturatzea da, 1930etik gaur egunera arte. Ekimena maiatzaren 20an eta azaroaren 11n egingo da, eta inguruko hirigintza eta giza iragana zabaltzeaz gain, memoria kolektiboaren bidez auzokideen arteko lotura eta parte-hartze komunitarioa indartu nahi ditu.
Badira presaka zeharkatzen diren auzoak, eta badira entzutea merezi dutenak. Mendizabal azken horietakoa da. Bere kaleek, eraikinek eta plazek eraldaketaren, bizikidetzaren eta gizarte-aldaketen istorioak gordetzen dituzte: Zumarragako nortasunaren parte diren istorioak, hain zuzen ere. Proposamen honen bidez, Udalak herritarrak gelditzera, ingurura begiratzera eta auzoak izan duen bilakaera ezagutzera gonbidatzen ditu, baita bilakaera horrek bertan bizi direnen bizitzan izan duen eragina ulertzera ere.
Bisiten hasiera Izazpiko estalitako kantxan izango da. Bertan, argazki historikoekin osatutako ikus-entzunezko aurkezpen labur bat eskainiko da, auzoak ia mende batean izan dituen aldaketak testuinguruan kokatzeko. Ondoren, ibilbidea hainbat gune esanguratsutatik igaroko da: Elgarrestamendi, Ipar Haizea, Argixao, El Salvador parrokia, Leturia plaza eta Antonino Oráa, besteak beste.
Ibilbidean zehar, Igarki Busca udal artxibozaina izango da bisita dinamizatzeko eta ibilbidearen gako historikoak azaltzeko arduraduna. “Auzoko txoko bakoitzak badu zer kontatzeko. Bizi garen lekuen historia ezagutzen dugunean, hobeto ulertzen dugu nor garen komunitate gisa”, adierazi du Buscak.
Bestalde, Arantxa González Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak ekimenaren balio soziala azpimarratu du, “ez dugu nahi historia artxiboetan edo argazki zaharretan gordeta geratzea. Kalera ateratzea nahi dugu, partekatzea, eta belaunaldien zein auzokideen arteko loturak sendotzeko baliagarria izatea”.
Bisiten datak honako hauek izango dira:
•Maiatzaren 20an, 18:00etan, Izazpiko estalitako kantxan.
• Azaroaren 11n (ordutegia zehazteke).
Interesa duten pertsonek online eman ahal izango dute izena labur.eus/Taubizi helbidearen bidez edo aurrez aurre El Salvador Gizarte Etxean, astelehen eta ostegunetan 11:00etatik 12:30era.
Ekimen honen bidez, Zumarragako Udalak pertsonak erdigunean jartzen dituzten eta tokiko memoria komunitatea eraikitzeko tresna gisa ulertzen duten proiektuen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, nondik gatozen ezagutzeak laguntzen du, guztion artean, nora joan nahi dugun erabakitzen ere.

