Eduki publikatzailea
Atzealdea ZELAI ARIZTIKO TXIKI-TXOKO ZERBITZUA GAUR JARRIKO DA MARTXAN
2026·10·06

Zelai Ariztiko Txiki-Txokoak denboraldi berriari ekingo dio gaur, urriaren 6an. Espazioa astearte, ostegun eta ostiraletan, 9:45etik 13:00etara egongo da erabilgarri, eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrei eta haien guraso, tutore edo zaintzaileei zuzenduta dago.
Zelai Ariztiko espazioa martxan jartzearekin batera, Txiki-Txoko zerbitzuak familiei aste barruan elkartzeko aukera gehiago eskainiko dizkie, Gure Txokon asteburuetan eskaintzen den zerbitzua osatuz.
Zelai Ariztin ez da zaintza zerbitzurik egongo, eta, beraz, familiek eurek izango dute espazioaren funtzionamenduaren ardura bertan dauden bitartean. Behar duten materiala aldagela barruko geletatik hartu beharko dute eta, alde egin aurretik, aretoa aurkitu bezala utzi.
Zerbitzua erabili ahal izateko, familiak izena emanda egon beharko du eta Txiki-Txokoko eskubide eta betebeharren dokumentua onartu beharko du. Arau horien helburua bizikidetza egokia eta espazioaren zein materialen erabilera arduratsua bermatzea da.
Txiki-Txokoaren helburua haurrei kalitatezko aisialdirako espazio bat eskaintzea da, haien garapenean lagunduz eta, aldi berean, guraso, zaintzaile eta hezitzaileen arteko harremanak eta topaketak sustatuz.
Hazten eta osatzen joan den zerbitzua
Txiki-Txokoa Lepaka eta Non Daude Haurrak elkarteek egindako eskaera batetik sortu zen, haur txikiak dituzten familientzako espazio egokien beharrari erantzuteko. Zerbitzua 2024an jarri zen martxan Zumarragan, hasieran Gure Txokon eta proba pilotu gisa.
Joan den denboraldian, zerbitzuak beste urrats bat eman zuen Zelai Ariztira zabalduz, eta aste barruko hiru goiz ere eskaini ziren. Gaur egun, zerbitzua Zumarragako eta Urretxuko udalen parte-hartzearekin eskaintzen da, hasieratik ekimena bultzatu duten elkarteekin batera.
Denboraldi honetan, Gure Txokoko Txiki-Txokoa urriaren 2an jarri zen berriro martxan, eta gaur hasiko da Zelai Ariztiko zerbitzua.
Gure Txokon, ostiraletan 17:00etatik 20:00etara eskaintzen da zerbitzua BLESKen zaintzarekin. Larunbatetan, 9:00etatik 13:30era familien ardurapean dago eta, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara irekitzen da —urrian BLESKen zaintzarekin eta azarotik aurrera familien ardurapean—. Igandeetan, berriz, 9:00etatik 13:30era familien ardurapean dago eta 17:00etatik 19:45era BLESKen zaintzarekin.
Horrela, Txiki-Txoko zerbitzuak astean zehar hainbat aukera eskaintzen ditu: Zelai Arizti aste barruko hiru goizetan eta Gure Txoko asteburuetan.


