Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK HAUR ETA NERABEEN ASTEAREN LEHENENGO EDIZIOA OSPATUKO DU

Haur eta nerabeen eskubideak balioan jartzeko jardueren programazio osoa, Udalak UNICEFen hitzarmenarekin duen konpromisoaren barruan, Haurren Hiri Lagun bihurtzeko

2024·11·13


ZUMARRAGAK HAUR ETA NERABEEN ASTEAREN LEHENENGO EDIZIOA OSPATUKO DU

Haur eta nerabeen eskubideak balioan jartzeko jardueren programazio osoa, Udalak UNICEFen hitzarmenarekin duen konpromisoaren barruan, Haurren Hiri Lagun bihurtzeko

Zumarragako Udalak, Haur eta Nerabeen Kontseiluarekin batera, Zumarragako Haur eta Nerabeen Astearen lehen edizioa ospatuko du azaroaren 18tik 24ra. 2022ko urrian, Zumarragak UNICEFekin hitzarmena sinatu zuenean, haurren eta nerabeen eskubideen sustapenean aurrera egiteko eta Haurren Adiskide den Hiri bihurtzeko hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da ekitaldi hau.

Konpromiso horren lorpen nabarmenetako bat 2023an Zumarragako Haur eta Nerabeen Udal Kontseilua sortzea da. Parte-hartze organo hori udalerriko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ordezkariek osatzen dute, eta adingabeei udal politiketan modu aktiboan parte hartzeko aukera ematen die.

Azaroaren 20an Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, jardueraz beteriko astea diseinatu dute udalak eta kontseiluak. Egitarauak erakusketak, hezkuntza tailerrak, antzerkia, zinema, belaunaldien arteko jarduerak eta mahai jokoak biltzen ditu, guztiak ere herritarren parte hartzea eta kontzientziazioa sustatzeko pentsatuak.

 


 

Azaroaren 18an, astelehenean, hasiko da programazioa, Zelai Arizti Kultur Etxeko hallean egingo den erakusketa baten inaugurazioarekin. Bertan, Haur eta Nerabeen Kontseiluaren logoa diseinatzeko lehiaketara aurkeztutako ilustrazioak erakutsiko dira. Egun horretan bertan, haurren eta nerabeen eskubideei buruzko informazio-triptiko bat jasoko dute herritarrek etxeetan.

Azaroaren 19an, asteartearekin, La Salle eta Gainzuri ikastetxeek Minbiziaren Aurkako Elkartearen tailerretan parte hartuko dute: “Kerik gabeko eta tabakoaren prebentzioa nerabezaroan” eta “Zelulintxoren abenturak”. Jarduera horien helburua da adingabeak tabakismoaren prebentzioaz eta ohitura osasungarriez sentsibilizatzea.

Asteazkenean, azaroaren 20an, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunean, logo lehiaketaren irabazleari saria emango diote Zelai Arizti kultur etxean, 17:00etan.

Azaroaren 21ean, osteguna, Zelai Arizti Parkeak “Kalean Otso etxean uso” antzezlana hartuko du 17:00etan. Antzezlana 2 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta ondo pasatzeko eta ikasteko aukera ematen du.


 

Azaroaren 22an, ostirala, 19:00etan, “Radical” filma proiektatuko da Zelai Arizti zineman, Butak 21ekin elkarlanean, familia osoarentzako kultur jarduera eskainiz.

Azaroaren 23an, larunbata, Belaunaldien arteko Topaketa Gastronomikoaren txanda izango da, 17:30ean, Azokan. Patata osagai nagusitzat hartuta, parte-hartzaileek errezetak egingo dituzte, eta horiek elkarbizitzarako giroan partekatu ahal izango dituzte. Jarduera honetan parte hartu ahal izateko, aldez aurretik izena eman beharko da Udalaren webgunean. Amaitzean, bi mahai-joko zozkatuko dira bertaratutakoen artean.

Igandean, azaroaren 24an, Haur eta Nerabeen Asteak bi jarduera izango ditu. Goizean, 12:00etan, mahai jokoen jardunaldia egingo dute Jolasenea elkartearen eskutik, Azokan. Arratsaldean, 17:00etan, Zumarragako erdiguneko kaleak itxi egingo dituzte haur eta nerabeentzako ginkana handi bat egiteko. Jardueraren ondoren, askaria eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.

             
                                                                                                                                                                              BETETA

 

Gainera, jarduera guztietan tote bag bat banatuko da, Haurren eta Nerabeen Kontseiluaren logoarekin, ekitaldi honen oroigarri gisa.

Horrela, Zumarragak haurrekiko eta nerabeekiko duen konpromisoa indartzen du, bere eskubideak tokiko politiketan txertatuz eta udalerriko bizitzan parte-hartze aktiboa sustatuz. Ekimen horien helburua da Zumarraga erreferente bihurtzea belaunaldi berrien eskubideen defentsan.

Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu aste berezi honetan parte hartzera eta haurrentzako udalerri inklusiboago eta lagunkoiago bat sortzen laguntzera.