Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGA, ESPAINIAKO HIRU PROIEKTU ONENEN ARTEAN, TOKIKO GARAPENERAKO BERE EKIMENARI ESKER

Udalerria estatu mailako finalera iritsi da, Europako funtsen kudeaketa bikainari eta merkataritza eredu jasangarri eta eraldatzailearen alde egindako apustuari esker.

2025·07·19


ZUMARRAGA, ESPAINIAKO HIRU PROIEKTU ONENEN ARTEAN, TOKIKO GARAPENERAKO BERE EKIMENARI ESKER

Udalerria estatu mailako finalera iritsi da, Europako funtsen kudeaketa bikainari eta merkataritza eredu jasangarri eta eraldatzailearen alde egindako apustuari esker.

Zumarragako Udala #EuropaSeSiente 2025 estatu mailako lehiaketako finalista izendatu dute. Ekimen hori Ogasun Ministerioak sustatzen du, Europako funtsen bidez finantzatutako proiektu onenak ikusarazteko helburuarekin. Estatu osoko 246 proiektu aurkeztu dira, eta horietatik Zumarragak aurkeztutako proposamena “Hurbila” kategoriako hiru onenen artean aukeratua izan da. Kategoria horrek hiri- eta landa-garapen jasangarriarekin lotutako ekimen integral eta eraldatzaileak saritzen ditu.

“Zumarraga, merkataritza eredu digital eta jasangarria” izenburuko proposamenak gure udalerria urrian Santa Coloma de Grameneten (Bartzelona) egingo den finalera eraman du. Bertan, Zumarragak Extremadurako Ambrozeko Haraneko “Otoño Mágico” eta Granadako “Onconature – Onkologia Integratiboko Zentroa” proiektuekin lehiatuko du.

“Estatu mailako final honetara iristeak ikuspegiarekin eta konpromisoarekin lan eginez gero udalerri bat eraldatu daitekeela erakusten du. Europako aukera hau aprobetxatu dugu komunitate bezala garen hori indartzeko eta etorkizunera begira pauso sendoak emateko”, adierazi du Zumarragako alkateak, Mikel Serranok.

Kudeaketa eredugarria eta etorkizunerako bidea

Aitorpen berri hau ez da isolatua: Zumarragak azken urteetan tokiko merkataritzaren alde egindako apustua hainbat errekonozimendurekin saritua izan da, besteak beste, 2022ko Barne Merkataritzako Sari Nazionala (Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak emana), eta 2023ko Landaola Saria, erakunde publiko onenari.

Finalista izan den ekimenak hiri-eraldaketa eta merkataritza dinamizazio integrala uztartzen dituen garapen eredua islatzen du, ekonomia lokal sendoa sustatzeko: jasangarritasuna, digitalizazioa, kohesio soziala eta espazio publikoa bizitzaz eta jardueraz betetzeko apustua.

Proiektu honek, gainera, Europako Next Generation – EU funtsen eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) finantzazio publikoa ikuspegi estrategiko eta parte-hartzaile batekin kudeatu dela Zumarragan erakusten du, herritarrak, merkataritzako eragileak eta bestelako sektoreak inplikatuz.

“Europako funts hauen bidez eskuratutako 3 milioi euro baino gehiago modu eraginkorrean kudeatu izana ez da lorpen ekonomiko hutsa: udalerri bizigarriago, modernoago eta erresilienteago baterako apustu kolektiboa da”, nabarmendu du alkateak.

Erreferente bihurtzen ari den eredua

Zumarragak urrats sendoak eman ditu ekonomia lokalaren biziberritzea eta udalerri erakargarriago baten eraikuntza bateragarri egiten dituen garapen eredu baten alde. Bere burua kokatu du, beraz, estatu mailan erreferente gisa, Europako funtsen erabilera arduratsu eta eraginkorra eta tokiko politiketan bikaintasuna uztartzen dituen udalerri gisa.

Zumarragako Udalak eskerrak eman nahi dizkie bidea posible egin duten pertsona, erakunde eta eragile guztiei. Izan ere, ikuspegi partekatu batetik, etorkizunerako begirada argiarekin eta kudeaketa onaren bidez bakarrik eraiki daiteke Zumarraga hurbilago, aktiboago eta ekonomia urbano dinamikoarekin bat datorren bat.