Eduki publikatzailea
Atzealdea Zumarraga eta Manresa elkartu dira Ignaziotar Bidea sustatu eta bultzatzeko
2023·11·27
Aste honetan, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Joan Vila i Marta Manresako alkateordeak bilera bat egin dute. Bilera honen helburua Ignaziotar Bidearen balioa nabarmentzeko eta bultzatzeko estrategia bateratu bat lantzen hastea izan da. Ignaziotar Bidea Zumarragako baliabide turistikoetako bat da, eta bi udalerrien arteko lankidetza-harremana gauzatzen hasteko balioko du.
Manresa herria Ignaziotar Bidearekin bat egiten duten 67 herriekin lankidetzan ari da. Topaketa hau lan-esparru horren parte da.
Zumarragaren kasuan, Antioko baseliza da bidearen lehen etapa amaitzen den tokia. Eta ez hori bakarrik, Arantzazun amaitzen den bigarren etaparen hasiera ere bada.
Zumarraga, Antioko ermitarekin, ezinbesteko geldialdia da hiru tenpluen ibilbidean: Loiola (Azpeitia), Antio (Zumarraga) eta Arantzazu (Oñati).
"Antio euskal ermiten katedrala da, estilo erromaniko nabarmenarekin. Gure udalerriko ondare historikoaren eta aberastasun naturalaren balioa nabarmendu nahi ditugu. Horregatik, uste dugu oso garrantzitsua dela Manresarekin lankidetza-harremanak ezartzea, Loiolako Ignaziok bertan amaitu baitzuen bidaia", adierazi du Mikel Serranok.
Zumarragako alkateak azaldu duenez "beste pauso bat ematea da helburua. Bide ofizialak Zumarraga zeharkatzen du eta, horri esker, gure udalerrian eta eskualdean ditugun baliabide historiko, artistiko-kultural eta erlijiosoez goza dezakete bide hau egiten dutenek. Uste dugu oso garrantzitsua dela orain bultzatzea, 500. Urteurrena ospatu dugun honetan ".
"Bide honek, eta zehazki, Zumarragako etapak, urtero Ignaziotar Bidea egiten duten pertsonentzat erakargarritasun turistiko handia du. Honetarako behar den guztia lantzen eta laguntzen jarraituko dugu, gure udalerria Ignaziotar Bidea bezalako mugarri garrantzitsu baten mapan egon dadin", amaitu du Serranok.