Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGA, EUSKAL PILOTAREN EPIZENTROA EH HERRIARTEKO ESKUZKO TXAPELKETAKO FINAL HANDIAREKIN

Beloki pilotalekuak zazpigarren urtez jarraian hartuko du Euskal Herriko pilotako txapelketa adierazgarrienetako baten finala. Hernani eta Leitza ariko dira aurrez aurre Euskal Herriko txapelaren bila

2026·07·17


Zumarragako Udalak gaur goizean hartu du 2026ko EH Herriarteko Eskuzko Txapelketako finalaren aurkezpen ofiziala, udaletxe ondoko klima babesgunean egin den ekitaldian. Aurkezpenean Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidente Joxemari Mitxelenak, eta igande honetan finala jokatuko duten Hernani eta Leitzako pilotariek hartu dute parte.

Final handia uztailaren 19an, igandea, jokatuko da, 11:00etatik aurrera, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Jardunaldia kadeteen partidarekin hasiko da, ondoren gazteen neurketa jokatuko da eta nagusien partidarekin amaituko da. Azken partida horren ondoren erabakiko da 2026ko Euskal Herriko herriarteko txapelduna. Gainera, finala ETBn zuzenean ikusi ahal izango da.

Edizio honekin, Zumarragak sendotu egiten du euskal pilotako erreferentziazko egoitza gisa duen izaera, izan ere, 2019az geroztik etenik gabe EH Herriarteko Eskuzko Txapelketako finala hartzen ari da. Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak urtez urte udalerriarengan erakusten duen konfiantzak agerian uzten ditu Beloki pilotalekuaren kalitatea, udalaren antolakuntza-gaitasuna eta lehen mailako kirol ekitaldiak antolatzeko duen inplikazioa.

Mikel Serrano alkatearen hitzetan, «harrotasun handia da Zumarragak berriro ere horrelako final bat hartzea. Federazioak urtez urte gure herriarengan duen konfiantzak orain arte egindako lana aitortzen du, eta Zumarragaren izena zabaltzen duten eta herrian mugimendua sortzen duten kirol ekitaldien alde egiten jarraitzera bultzatzen gaitu.»

Bestalde, Joxemari Mitxelenak udalaren lankidetza eskertu eta Zumarragaren konpromisoa nabarmendu zuen: «Zumarraga beti da apustu segurua. Hemen mota honetako ekitaldiak antolatzeko erraztasun guztiak eta Udalaren erabateko inplikazioa aurkitzen ditugu. Horregatik, urtez urte berriro ere Zumarragaren alde egiten dugu hain garrantzitsua den final hau hartzeko.»

Horrelako final batek, gainera, aukera paregabea eskaintzen du Zumarragaren irudia Euskal Herri osoan zabaltzeko, hainbat herritatik etorritako pilotariak, laguntzaileak eta pilotazaleak erakarriz eta herrian jarduera ekonomikoa eta giroa sortuz.

Finalera bertaratzea errazteko, Zumarragako Udalak La Salleko kantxa doako aparkaleku gisa egokituko du, bertaratzen diren guztiek ekitaldia erosotasunez gozatu ahal izan dezaten.

Zumarragako Udalak herritar guztiak eta pilotazaleak igande honetan Beloki pilotalekura gerturatzera gonbidatzen ditu, euskal pilotaren egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako batez gozatzera.