Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGA FITUR 2025EAN “HAUSPOA & TUNELA” ETA “HIRUMA”-REKIN
2024·01·22
Bihar, urtarrilak 23, Zumarragako herria bi ekitaldi garrantzitsuren protagonista izango da Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR), bere historia eta apustu turistikoa sustatzeko konpromisoa berretsiz.
10:30 h – “Hauspoa & Tunela” dokumentalaren aurkezpena
Zumarragak bere egunari hasiera emango dio “Hauspoa & Tunela” dokumentalaren aurkezpenarekin. Lan honek herriaren historia balioan jartzen du, trenbideak Zumarraga eraldatzeaz gain akordeoia ere ekarri zuela nabarmenduz. Instrumentu hau euskal kulturan txertatu zen panderoarekin bat egitean, trikitia, Euskadiko ikur musikal eta kulturala, sortuz.
Dokumentala gure historiaren gorazarrea da, kultura, musika eta garapen ekonomikoa uztartuz. "Zumarraga Bide Bizia" marka turistikoaren barruan funtsezko produktua da, eta udalerriak eboluzionatzeko eta egokitzeko duen gaitasuna azpimarratzen du. Gainera, trikitiaren sorleku gisa duen posizioa indartzen du.
Aurkezpenak zuzenean emango dira esteka honen bidez: https://www.irekia.euskadi.eus/es/events/98635-agenda-euskadi-fitur-enero .
Ondoren, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Gorka Hermosa eta Iñaki Pinedo dokumentalaren sortzaileek bi irrati elkarrizketetan parte hartuko dute proiektu honi buruz hitz egiteko:
- 11:30ean, Onda Vascan.
- 12:30ean, Onda Ceron.
13:30 h – Hiruma eskualdez gaindiko proiektuaren aurkezpena
Zumarragak ere parte hartuko du Hiruma, bidaia bat Euskadiren ariman barrena proiektuaren aurkezpenean. Eskualdeaz gaindiko proiektu handi hau hiru eskualderen arteko lankidetzatik sortu da: Debagoiena, Urola Garaia eta Urola Erdia, urteetan elkarrekin lan egin dutenak euren eskaintza turistikoa finkatzeko.
Hiruma hiru eremu horietako turismoa modu bateratuan proiektatzen duen marka bat da, Euskadiko barnealdean erreferentziazko jomuga gisa kokatzeko, bai merkatu nazionalean, bai nazioartekoan. Euskal hiriburuetatik gertu dagoen gune berde pribilegiatu honek baliabide naturalak, ondare historikoa eta tokiko produktua uztartzen ditu, euskal kulturaren arima ehunduz. Hirumak ez du Euskadiren berezko nortasun kulturala bakarrik nabarmentzen, sustraiak ere indartzen ditu.
Zumarraga eta FITUR 2025: Leiho bat mundura
Jarduera hauekin, Zumarragak bere aberastasun historiko, kultural eta naturala sustatzeko konpromisoa berresten du. FITURen emandako urrats honek bisitariak erakartzeaz gain, komunitatearen historia eta tradizioekiko harrotasuna indartu nahi du.