Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGA XXVII RALLYE VASCO NAVARRO HISTÓRICO – MEMORIAL IGNACIO SUNSUNDEGUI RALLYAREN HELMUGA IZANGO DA BERRIRO

Proba larunbat honetan, urriaren 10ean, egingo da. Ibilgailuak 10:30ean abiatuko dira Hondarribiko Kirol Portutik eta 18:35etik aurrera hasiko dira Zumarragako Euskadi plazara iristen. Bertan ikusgai egongo dira sari banaketa egin arte. Zumarragako lau taldek parte hartuko dute Kontzentrazio modalitatean

2026·10·08


Zumarraga berriro ere XXVII Rallye Vasco Navarro Histórico – Memorial Ignacio Sunsundegui rallyaren helmuga izango da larunbat honetan, urriaren 10ean. Ibilgailu klasikoentzako erregulartasun proba da, Real Automóvil Club Vasco Navarro (RACVN) elkarteak antolatua.

Aurtengo edizioa gaur goizean aurkeztu dute Zumarragan Mikel Serrano Zumarragako alkateak; Iñigo Cuesta RACVNko kirol zuzendariak; Xabier Arzamendi RACVNko kirol zuzendariak; eta Xabier Goenaga aurtengo edizioko parte-hartzaile zumarragarrak.

Aurkezpenean, gainera, Xabier Goenagak proban erabiliko duen 1990eko Volkswagen Golf GTI autoa izan da ikusgai, eta ibilgailu horrekin egin da aurkezpen ekitaldiko argazkia.

Proba 10:30ean hasiko da Hondarribiko Kirol Portuan. Parte-hartzaileek gutxi gorabehera 275 kilometroko ibilbidea osatuko dute, erregulartasuneko zortzi tarterekin, Zumarragako helmugara iritsi aurretik. Rallyak Euskadiko eta Nafarroako errepideak zeharkatuko ditu eta aurten ere Iparraldeko Erregulartasun Rallyen Koparako (CoRReN) puntuagarria izango da.

Euskadi plaza, helmuga eta topagune

Lehen ibilgailuak 18:35etik aurrera iristea aurreikusten da Euskadi plazara. Ibilbidea amaitu ondoren, autoak plazan ikusgai geratuko dira, pilotuek eta kopilotuek jardunaldiaren ondoren atseden hartu, lasaitu eta rallyan bizitako esperientziak elkarrekin partekatzen dituzten bitartean.

Horrela, Euskadi plaza parte-hartzaileen, automobilismo zaleen eta herritarren arteko topagune bihurtuko da berriro ere. Herritarrek aukera izango dute ibilgailu klasikoak gertutik ikusteko.

19:45ean sari banaketa egingo da eta, ekitaldia amaitu ondoren, parte-hartzaileak eta ibilgailuak pixkanaka plazatik ateratzen joango dira.

Zumarragaren eta Rallye Vasco Navarro Histórico rallyaren arteko lotura urte askotakoa da. Hainbat urtez rallyaren ibilbideko geldialdi eta pasagune izan ondoren, azken urteotan Zumarraga probaren helmuga bihurtu da. Aurtengoarekin, 18 izango dira rallyak Zumarragako Udalaren laguntza izan duen edizioak.

61 ibilgailu klasiko

Aurtengo izen-emate zerrendan 61 ibilgailu daude Rallyaren, Kontzentrazioaren eta 0 autoaren artean: 51 ibilgailu Rallyan, bederatzi Kontzentrazioan eta proba irekiko duen 0 autoa.

Euskadi plazara hurbiltzen direnek automobilgintzaren historiaren erakusgarri zabala ikusi ahal izango dute, 60ko hamarkadatik 90eko hamarkadaren erdialdera arte fabrikatutako ibilgailuekin. Besteak beste, Seat 600, Seat 850 Sport Coupé, Volvo 142 S, Opel 1900 GT, Porsche 911, Seat 124, BMW M3 E30, Renault 5 GT Turbo, Opel Kadett GSI, Mini Cooper, Ford Escort Cosworth, Citroën Dyane 6 eta BMW Z3 Coupé izango dira bertan, baita Volkswagen Golf GTI modeloaren hainbat belaunaldi ere.

Esanahi berezia izango du 1963ko Austin Mini Cooper S autoak. Elena Sunsundeguik, Ignacio Sunsundeguiren alabak, gidatuko du María Nicolarenarekin batera, eta proba irekiko dute 0 auto gisa. Gainera, aurtengo izen-emate zerrendako ibilgailurik zaharrena da.

Zumarragako lau talde, Kontzentrazio modalitatean

Aurtengo edizioan Zumarragako lau taldek hartuko dute parte, guztiak Kontzentrazio modalitatean:

  • Iñaki Aiastui Leunda eta Nora Aiastui Aldalur, 1979ko Citroën Dyane 6 batekin.
  • Raul Garcia Cuñado eta Yoritz Garcia Lucena, 1992ko Ford Escort Cosworth batekin.
  • Miguel Angel Carrasco del Rio eta Diego Carrasco Echeverria, 1989ko Renault 5 GT Turbo batekin.
  • Xabier Goenaga Urdangarin eta Nerea Goenaga Etxeberria, 1990eko Volkswagen Golf GTI batekin.

Gainera, Xabier Goenagak gaurko aurkezpen ekitaldian ere parte hartu du, eta bere Volkswagen Golf GTI izan da aurkezpenean erakutsi eta ekitaldiko argazkia egiteko erabili den ibilgailua.

Kontzentrazio modalitateak ibilgailu historikoekin jardunaldiaz eta ibilbideaz gozatzeko aukera ematen du, erregulartasuneko lehiaketan parte hartu gabe eta batez besteko abiadurarik edo kronometrajerik gabe.

Erregulartasun proba, ez abiadura proba

Rallye Vasco Navarro Histórico – Memorial Ignacio Sunsundegui ez da abiadura proba bat. Trafikoari irekita dauden errepideetan egiten da eta, beraz, parte-hartzaileek zirkulazio arauak bete behar dituzte une oro.

Sailkapena talde bakoitzak antolakuntzak ezarritako batez besteko abiadurak mantentzeko duen gaitasunaren arabera egiten da. Batez besteko horiek 50 km/h-tik beherakoak dira. Ibilgailuak, gainera, antzinatasunaren arabera hainbat kategoriatan banatzen dira.

Nor zen Ignacio Sunsundegui?

Ignacio Sunsundegui Irunen jaio zen 1941ean eta rallyetako pilotua izan zen. Lehiaketaren munduan 60ko hamarkadan hasi zen, 1962ko Jaizkibelgo Igoeran Citroën 2CV batekin parte hartuz.

35 urte baino gehiagoz mota askotako ibilgailuak gidatu zituen lehiaketetan, rallyetan, raidetan eta igoeretan, besteak beste Renault Alpine A110, Morris Mini Cooper, Renault 12, Seat 1430, Fiat 124 Abarth Spider, BMW 2002 Ti, Porsche 911, Audi Quattro eta Lancia Delta S4.

Bere ibilbidean garaipen eta emaitza ugari lortu zituen eta azken urteetan ibilgailu klasikoen lehiaketarekin lotura berezia izan zuen.

Sunsundegui 1997ko ekainaren 4an hil zen, ibilgailu klasikoentzako Panamá-Alaska Rallyan parte hartzen ari zela. Urte hartan bertan RACVNek bere izena gehitu zion probari, haren figura Memorial Ignacio Sunsundegui izenarekin gogoraraziz.

Aurten ere, Elena Sunsundegui alabak 0 autoa gidatzeak rallyari izena ematen dion pilotuarekiko lotura bizirik mantenduko du.

Informazio guztia RACVNren webgunean dago eskuragarri.