Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK 2024KO KIROL GALA OSPATU DU

Elene Lete, Dani Garcia, Mikel Balenziaga, Alberto Fernandez, Nahia Urbizu, eta Jabier Aranberri, Angel Arrospide eta Jose Ugarteburu aizkolariak omendu dituzte, lorpenengatik eta ibilbideengatik.

2024·12·19


Zumarragak 2024ko Kirol Gala ospatu du gaur, eta azken urtean lorpenengatik nabarmendu diren kirolariei omenaldia egin die, baita kirol munduan ibilbide eredugarria izan dutenei ere.

Harro egoteko modukoa da Zumarragarentzat gure herriaren izena gorenean daramaten kirolariak izatea, esfortzu eta dedikazio eredu diren emaitzak dituztenak. Omenduen artean, Elene Lete dago, Parisko Olinpiar Jokoetan laugarren eta Espainiako selekzioarekin Nazioen Ligako txapeldun izandakoa, Realarekin Erreginaren Kopako finalista izateaz gain.

Beste sarituetako bat Dani Garcia izan da, Athleticekin Errege Kopa irabazi zuena eta 2024an aita izan zena, eta Europa Leaguean ere postu bat ziurtatu du bere taldearentzat. Bestalde, Mikel Balenziaga, ibilbide luze eta arrakastatsuaren ostean, Athletic Cluben historian partida gehien jokatu dituen alboko jokalari gisa erretiratu da aurten.

Alberto Fernandezen lana ere txalotu dute, 18 urtez epaile izan ostean erretiroa hartuko baitu, horietako 4 Ohorezko Mailan, eta tokiko kirolarekin duen konpromisoa eta Urolarekin izan dituen kolaborazio ugariak nabarmendu dituzte. Horrez gain, Jabier Aranberri, Angel Arrospide eta Jose Ugarteburu aizkolariak omendu dituzte, euskal herri kirolari, bereziki aizkolaritzari, egindako ekarpen handiagatik.

Edizio honetako Herritarren Saria Nahia Urbizurentzat izan da, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan distira egin duena, banakako eta taldekako kategorietan hainbat domina lortuz. Sari hau Zumarraga Berrikusi app-an egindako herri bozketaren bidez erabaki da, eta Ispilla kiroldegirako urteko abonu baten zozketa sartu du.

Ekitaldi honek gure kirolarien ahalegina eta dedikazioa balioan jartzeaz gain, Zumarragak kirola gizarte kohesioaren eta garapen pertsonalaren eragile gisa sustatzeko duen konpromisoa indartzen du. Zorionak saritu guztiei!