Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK 2026KO GIPUZKOAKO LEHEN TURISMO MAHAIA HARTU DU ANTIOKO INTERPRETAZIO ZENTROAN

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako topaketak lurraldeko erakundeetako eta turismo-sektoreko ordezkariak bildu ditu Zumarragan, ‘Zatoz eta zaindu’ Turismo Plan Estrategikoaren jarraipena egiteko

2026·05·15


Zumarragako Antioko interpretazio zentroak hartu zuen ostegun honetan Gipuzkoako 2026ko lehen Turismo Mahaia. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatutako topaketak lurraldeko erakundeetako, eskualdeetako eta turismo-sektorearekin lotutako hainbat eragile bildu zituen.

Lan-saioari ongietorria eman zieten Azahara Domínguez diputatuak eta Zumarragako alkateak, Mikel Serrano. Biek azpimarratu zuten elkarlanean jarraitzearen garrantzia, turismo eredu jasangarri, orekatua eta udalerri bakoitzaren berezitasunekin lotua sustatzeko.

Bileran ‘Zatoz eta zaindu’ Turismo Plan Estrategikoaren ezarpenaren jarraipena egin zen, eta azken hilabeteetan turismo sustapenaren arloan garatutako hainbat ekimen ere aztertu ziren. Horien artean izan ziren Aldundiaren mendiko gida berria, Gipuzkoaren presentzia Bartzelonako Btravel azokan, Frankfurteko Cider World azokako parte-hartzea edota MUGI txartelaren hedapena Gipuzkoako turismo bulego eta interesguneetan.

Zumarragako Udalak oso modu positiboan baloratu du lurralde mailako lan-topaketa garrantzitsu hau herrian egin izana, gainera Antioko interpretazio zentroa bezalako espazio esanguratsu batean. Turismo Mahaiaren ospakizunak Zumarragak Gipuzkoako turismo estrategiaren barruan duen kokapena indartzen laguntzen du, udalerriaren ondarea, kultur nortasuna eta lurraldearen garapenarekin lotutako topaketak hartzeko duen gaitasuna balioan jarriz.