Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK ADINEKO PERTSONEN V. ASTEA OSPATUKO DU IRAILAREN 24TIK URRIAREN 1ERA

Egitarauak kultura, prestakuntza, gizarte eta aisialdiko jarduerak bilduko ditu; horien artean, Carmen Maura protagonista duen Calle Málaga filmaren emanaldia

2026·09·22


Zumarragak Adineko Pertsonen Astearen bosgarren edizioa ospatuko du irailaren 24tik urriaren 1era. Zumarragako Adineko Pertsonen Kontseiluak eta Udalak egitarau zabala prestatu dute urriaren 1ean ospatzen den Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunaren harira.

Zortzi egunez, kultura, prestakuntza, gizarte eta aisialdiko askotariko jarduerak egingo dira herrian. Egitarauaren helburua adinekoek gizarteari egiten dioten ekarpena aitortzea da, udalerriko bizitzan aktiboki parte har dezaten sustatzea eta elkarretarako nahiz bizikidetzarako guneak eskaintzea.

Astea irailaren 24an, ostegunean, hasiko da, Laurogei Urtetik Gorako Pertsonen Egunarekin. 12:30ean, 80 urtetik gorako pertsona guztiei eskainitako meza egingo da Jasokundearen parrokian. 14:00etan bazkaria izango da Azokako arkupeetan eta, 17:00etatik aurrera, bazkalostea eta DJ batek girotutako dantzaldia egingo dira leku berean.

Irailaren 25ean, ostiralean, eskulanen eta artisautzaren erakusketa hartuko dute Azokako arkupeek, 11:00etatik 13:30era eta 17:30etik 19:30era. 20:00ean, Me Vale Madre txarangak pintxopotea girotuko du Euskadi plazan eta Jai Alai, Iparragirre eta Piedad kaleetan.

Irailaren 26an, larunbatean, urriaren 1eko ibilaldian parte hartzeko izen-ematea egingo da. Interesa dutenek 11:00etatik 13:00etara eman ahal izango dute izena Euskadi plazan, Itarte etxearen parean. Arratsaldean, 18:00etan, Jolaseneak dinamizatutako mahai-jokoen saioa egingo da Azokako portikoetan.

Musika izango da protagonista irailaren 27an, igandean. 11:30ean, Musikai Taldeak, Secundino Esnaola Musika Eskolako emakumeen taldeak, zarzuela emanaldia eskainiko du Azokako arkupeetan. 18:00etan, berriz, dantzaldia izango da Izazpiko kantxa estalian.

Osasunarekin eta ongizatearekin lotutako jarduerek ere izango dute lekua egitarauan. Irailaren 28an, astelehenean, 17:30etan, Ion Ibarguren Osa, Zumarragako ambulategiko odontologoak, «ahoa zaintzeak ez du adinik» eta ondoren, Raquel Miñón eta Ana Arazabal, OSI Alto Urolako kostuen arduradunak «Osasuna zenbakitan» saioak egingo dira Zelai Arizti Kultur Etxean.

Irailaren 29an, asteartean, Zumarraga Lagunkoia aurkeztuko da Zelai Arizti Kultur Etxean, 11:30ean. Arratsaldean, 15:30etik 17:30era, bihotz-biriketako bizkortze tailerra —BBB— egingo da Antonino Oraán. Tailerrak edukiera plaza mugatuak izango ditu.

Egun berean, 18:30ean, Calle Málaga filma emango dute Zelai Arizti zineman. Maryam Touzanik zuzendutako filmaren aktore nagusiak Carmen Maura, Marta Etura eta Ahmed Boulane dira, besteak beste.

Filmak María Ángelesen istorioa kontatzen du. 79 urteko emakume espainiarra da, bakarrik bizi da Tangerren eta erabat errotuta dago hirian. Madrildik iritsitako alabak betidanik bizi izan den etxebizitza saldu nahi duenean, ordea, haren egunerokoa erabat aldatuko da. Bere etxea mantentzeko erabakia hartuta, María Ángelesek ahal duen guztia egingo du bizitza osoko gauzak berreskuratzeko. Bide horretan, maitasuna eta desira berraurkituko ditu. Filmak 116 minutuko iraupena du.

Irailaren 30ean, asteazkenean, Zilarrezko Harizko Esprinta egingo da Zelai Arizti Kultur Etxean, 9:30etik 13:30era.

Egitaraua urriaren 1ean, ostegunean, amaituko da, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. 11:30ean, Zumarragako plazatik Etxeberrira arteko ibilaldia abiatuko da, eta bertan hamaiketakoa egingo da. Ekintza honetan parte hartzeko, irailak 26 goizean, Adineko kontseilukoek, Euskadi enparantzan izen emateak jasoko dituzte. Arratsaldean, 16:00etan, mahai-ingurua izango da Zelai Arizti Kultur Etxean. Ondoren, 17:30ean, manifestua irakurriko da eta Irri Makilak dinamizatutako antzerki emanaldia egingo da.

Zumarragako Udalak eta Adineko Pertsonen Kontseiluak herritar guztiak animatu nahi dituzte antolatutako jardueretan parte hartzera eta adinekoen esperientzia, ezagutzak eta Zumarragako bizitzari egiten dioten ekarpena ikusarazteko aste honekin bat egitera.