Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK ARRAKASTAZ AMAITU DU ADINEKOEN ASTEA
2025·10·02

ZUMARRAGAK ARRAKASTAZ AMAITU DU PERTSONA NAGUSIEN ASTEA
Topaketak, kultura eta bizitza partekatuaren aitortza izan dira protagonista
Zumarragak arrakastaz ospatu du Pertsona Nagusien Astea, laugarren edizioan, Pertsona Nagusien Kontseiluak eta Udalak antolatuta. Irailaren 25etik urriaren 1era, herriak kultura-, gizarte- eta belaunaldien arteko jarduera ugariz beteriko egitarauari egin dio lekua, pertsona nagusien esperientzia, memoria eta gizarteari egindako ekarpena balioan jarriz.
Arantxa González Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu zuen: “Gure pertsona nagusiek historia, sustrai eta balioak eman dizkigute; orain, gure esku dago aintzatespena, errespetua eta arreta itzultzea”, urtero omenaldi hau bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratuz.
Une bereziez betetako astea
Egitaraua irailaren 25ean Pertsona Oktogenarioen Egunarekin hasi zen, 175 lagun ingururi harrera egin zien bazkari-omenaldi batean. Ekitaldi hunkigarrian, honako aitortza bereziak egin ziren:
-
Donato Pascual Mate, gizon nagusiena (96 urte).
-
Jesusa Garralda Mendibil, emakume nagusiena (96 urte).
-
Jose Inza Arrieta eta Casiana Arrieta Oyarbide, bikote nagusiena, 182 urte bizitza partekatuta.
Astean zehar, herritarrek aukera izan zuten hitzaldietan, proiekzioetan, dantza jaialdietan, kontzertuetan, belaunaldien arteko jokoetan eta erakusketetan parte hartzeko, tokiko elkarte, kultura-talde eta gonbidatutako profesionalen eskutik. Nabarmenen artean:
-
Andrea Pérez Matia Fundazioko ikertzailearen hitzaldia, adinkeriari buruz.
-
Gure Txoko eta El Salvador elkarteek antolatutako dantza tradizionalen jaialdia.
-
Los Diversos taldearen kontzertua, bertan parte hartu zuen artista lokala Jon Ander López Lucas bateria jotzaile gisa.
-
Eskulanen eta artisautzaren erakusketa, herriko hainbat talderen parte-hartzearekin.
-
Dolua ardatz izan zuen mahai-ingurua, aditu eta osasun arloko profesionalekin.
-
Belaunaldien arteko ibilaldia, Haurren eta Nerabeen Kontseiluarekin eta Tau-taupadak ibiltari-taldearekin batera, belaunaldien arteko loturaren adibide argia izan zena.
Astea urriaren 1ean, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, amaitu zen: manifestuaren irakurketa eta Irri Makila taldearen antzezlanarekin Gure Txokon.
Zumarraga, pertsona nagusiei balioa ematen dien herria
Herritarren erantzunak eta parte hartu duten kolektiboen inplikazioak ekitaldi hau erreferente bihurtu dute herrian. Udalak bereziki eskertu nahi izan du Pertsona Nagusien Kontseiluaren lana eta egitarau oparo eta parte-hartzaile hau posible egin duten elkarteen ekarpena.
Balantze positibo honekin, Zumarragak berresten du bere konpromisoa: pertsona nagusien inklusioa, errespetua eta aintzatespena sustatzen jarraitzea; izan ere, haiek dira gure memoria bizia eta gure komunitatearen erreferenteak.

