Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK BEROAREN AURKAKO PREBENTZIOA ETA BABESLEKU KLIMATIKOEN SAREA INDARTUKO DITU HERRITARREN ONGIZATEA BABESTEKO

Eskola Agenda 2030 programako ikasleen lanari esker osatutako babesleku klimatikoen sarea herritarren eskura jarriko da, 2026ko Bero Planaren testuinguruan

2026·06·23


Zumarragako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak martxan jarri duen 2026ko Bero Planarekin bat eginez, herritarrak tenperatura altuek osasunean izan ditzaketen ondorioen inguruan informatu eta sentsibilizatzeko kanpaina abiaraziko du. Helburua da bero-boladen aurrean prebentzio-neurriak sustatzea eta, bereziki, zaurgarritasun handiena duten pertsonen babesa indartzea. Eusko Jaurlaritzaren Bero Planak azpimarratzen duenez, adinekoak, haur txikiak, haurdun dauden emakumeak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak dira beroaren ondorioekiko sentikorrenak, eta prebentzioa funtsezkoa da osasun-arriskuak murrizteko.

Testuinguru horretan, Urola Garaiko Eskola Agenda 2030 programaren baitan garatutako lanari esker, eskualdeko udalerrietan babesleku klimatikoen sarea osatu berri da. Azken bi ikasturteetan klima-aldaketaren ondorioak aztertu ondoren, ikasleek diagnostiko bat egin dute udalerrietan, bero-boladen aurrean babes eta erosotasun baldintzak eskaintzen dituzten espazioak identifikatzeko. Lan horren emaitza gisa, babesleku klimatikoak definitu eta kokatu dituzte, eta udalerri bakoitzerako hobekuntza-proposamenak ere aurkeztu dituzte. Ingurumen zinegotzi Nerea Errastik adierazi duenez, "Gure helburua da Agenda 2030eko ikasleen papera balioestea, beren diagnostikoa herritarren bizitza hobetzen duen proposamen erreal bihurtu dutelako."

Zumarragako Udalak bereziki nabarmendu nahi du ikasleek egindako lana eta erakutsitako konpromisoa. Izan ere, iazko diagnostikoaren ondorio nagusietako bat izan zen herritarrek babesleku klimatikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio handiagoa behar zutela. Horri erantzunez, ikastetxeek hainbat ekimen garatu dituzte, herritarren ezagutza eta kontzientziazioa handitzeko.

Lan horren emaitzak eta proposamenak ekainaren 3an Urretxu-Zumarragako Kalebarren plazan egin den KLIMA TOUR azokan aurkeztu dira. Azokak aukera eman du gazteek klima-aldaketaren aurrean egindako hausnarketak eta proposamenak herritarrekin partekatzeko, baita babesleku klimatikoen garrantzia zabaltzeko ere. Zumarragako alkatea, Mikel Serrano, adierazten du "gazteen, herritarren eta administrazioaren arteko elkarlana ezinbestekoa da muturreko beroaren eraginei aurre egiteko. Aterpe klimatiko hauek auzokide guztien osasuna eta ongizatea babesteko tresna praktikoa dira, eta harro gaude ikasleen ekimena gure komunitaterako benetako soluzioak nola bilakatzen diren ikusteaz."

Babesleku klimatikoen sarea herritarren eskura egongo da datozen egunetan. Udalak sarea osatzen duten espazioen informazioa udal webgunean argitaratuko duen mapa baten bidez zabalduko du, eta, aldi berean, sare sozialetan eta kaleko pantaila digitalen bidez ere emango du ezagutzera. Horrela, herritarrek erraz identifikatu ahal izango dituzte bero handiko egunetan atseden hartu, freskatu edo babesa aurkitzeko erabilgarri izango dituzten espazioak.

Sare hori herritarrengana hurbiltzeko eta bero-boladen aurrean prebentzioaren garrantzia azpimarratzeko, datozen egunetan “Guardasola Garaia: Beroari itzala, herritarrei babesa” kanpaina jarriko da martxan eskualdean. Ekimenaren bidez, Legazpi, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko hainbat gune ia 800 guardasolarekin estaliko dira, Agenda 2030aren eta klima-babesguneen irudi bereizgarriaren koloreak erabiliz. Zumarragan, ekainaren 26tik aurrera, guardasolak udalerriko hainbat gunetan agertuko dira, herritarren artean jakin-mina piztu eta klima-egokitzapenaren inguruko mezua modu ikusgarrian zabaltzeko.

Kanpaina hau UGGASAren, eskualdeko lau udalen, ikastetxeen, merkatarien elkarteen eta turismo arloaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta azken bi ikasturteetan Eskola Agenda 2030 programaren baitan egindako lanari jarraipena ematen dio. Guardasola Garaia ekimenak gogorarazi nahi du klima-aldaketara egokitzea gaurdanik heldu beharreko erronka dela, eta beroaren aurrean itzala, babesa eta komunitatearen zaintza behar ditugula.

Zumarragako Udalaren ustez, bero-boladen aurrean prebentzioa eta egokitzapena gero eta garrantzitsuagoak dira klima-aldaketaren testuinguruan. Horregatik, funtsezkoa da administrazioen, hezkuntza-komunitatearen eta herritarren arteko lankidetza sustatzea. Babesleku klimatikoen sare berria eta Guardasola Garaia kanpaina horren adibide argiak dira: gazteen ekarpenari eta erakundeen arteko lankidetzari esker sortutako tresnak dira, herritarren ongizatea eta osasuna zaintzeko.

Zumarragako babesleku klimatikoak

  • Zelai arizti parkea
  • San Isidro zubietako lorategiak
  • Izazpi parkea eta kantxa
  • Argixao ondoko lorategia
  • Antonino oraá lorategia
  • Legazpi dorreko lorategia
  • Grupo legaztipo lorategiak
  • Secundino esnaola parkea
  • Ibaiondo pasealekua
  • Etxeberri bideko bidegorria
  • Ospitale atzealdeko lorategia