Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK DONOSTIAREKIKO KONEXIOA INDARTU DU GO07 LINEAREN ARRASKASTARI ESKER
2026·05·07

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguez Zumarragara etorri da gaur, eta Mikel Serranorekin batera GO07 linearen lehen urteko balantzea aurkeztu du. Autobus zerbitzu honek Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotzen ditu, eta eskualdeko mugikortasunerako funtsezko azpiegitura bihurtu da.
Prentsaurrekoa Zumarragan bertan egin da, eta aukera eman du azpimarratzeko zer nolako eragina izan duen lotura honek Zumarragako eta Urola Garaiko herritarrengan. 2025eko apirilaren 28an martxan jarri zenetik, lineak ia 365.200 bidaia erregistratu ditu, egunean 1.000 bidaia baino gehiagoko batez bestekoa gaindituz, eta Donostiarekin lotura zuzena, erosoa eta irisgarria izateko behar historikoa berresten du.
Zumarragarentzat datu esanguratsuena da herria linearen jatorri eta helmuga nagusietako bat dela, 55.900 bidaia baino gehiagorekin lehen urte honetan. Horrek erakusten du herritarrek —bereziki gazteek, ikasleek eta langileek— modu aktiboan erabiltzen dutela zerbitzua, Donostiara eguneroko joan-etorriak egiteko.
Mikel Serrano alkateak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari eskualdearen aspaldiko aldarrikapen bati erantzuteagatik: “Datu hauek argi erakusten dute konexio hau beharrezkoa zela aspalditik. GO07 lineak aukera berriak ireki dizkie Donostiara ikastera joaten diren gazteei eta egunero lanera joaten diren pertsonei. Urrats garrantzitsua da garraio publikoaren demokratizazioan eta mugikortasun jasangarriago baterantz”.
Jasangarritasuna ere izan da gaurko agerraldian nabarmendutako ardatzetako bat. Linea honek ibilgailu pribatuaren erabilera murrizten laguntzen du, bereziki N-I errepide jendetsuan, eta horrela, mugikortasun eraginkorrago eta ingurumenarekiko arduratsuago baten alde egiten du. Era berean, eskualdeen arteko konektibitatea hobetzen du, lurralde kohesionatuago baten alde eginez.
Azahara Domínguez diputatuak azpimarratu du zerbitzu honek aukera berdintasuna bermatzen laguntzen duela, herritarren bizi-proiektua ez dadin baldintzatu ez bizi-lekuak ezta baliabide ekonomikoek ere.
Zumarragako Udalak oso positibotzat jotzen du Gipuzkoako barrualdeko beharrak kontuan hartzea eta horrelako inbertsioek herritarren egunerokoa hobetzea, mugikortasunaren, irisgarritasunaren eta bizi-kalitatearen ikuspegitik.
Zerbitzuaren erabilera handiak 2.000 errefortzu baino gehiago jartzera behartu du lehen urte honetan, eskaerari erantzuteko, eta horrek argi erakusten du GO07 lineak Urola Garaiko eta Goierriko mugikortasunean izan duen eraldaketa sakona.

