Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK ERANTZUN AZKARRA ETA ERAGINKORRA EMAN DIO 2026KO ERREGULARIZAZIOAREN TESTUINGURUAN SORTUTAKO ESKAERARI

61 eskaera bideratu dira ordutegi bereziaren bidez, eta herritar askori informazioa eta orientazioa eskaini zaie Gizarte Zerbitzuetatik

2026·04·30


Zumarragako Udalak, Gizarte Zerbitzuen bidez, balorazio oso positiboa egin du 2026ko erregularizazio prozesuari lotutako zaurgarritasun-txostenaren izapidea errazteko martxan jarritako ordutegi bereziaren inguruan.

Ekimen honen bidez, eskaera handiko une bati erantzun azkarra eta eraginkorra eman zaio, herritarrei arreta zuzena eskainiz eta izapideak egiteko beharrezkoak diren baliabideak gerturatuz. Horretarako, apirilaren 22an, 23an eta 27an arratsaldez ordutegi berezia ezarri zen Gizarte Zerbitzuetan, hitzorduak eskatzeko eta kudeatzeko aukera eskainiz.

Guztira, 61 eskaera bideratu dira ezarritako ordutegi berezian, eta, horrez gain, pertsona askori informazioa, orientazioa eta laguntza eskaini zaie. Kasu askotan, baldintzen arabera, izapidea beste erakunde edo baliabide batzuetan egin behar zela jakinarazi zaie, dagokien bideratzea eginez.

Esperientzia honek, halaber, artatutako pertsona askoren errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera eman du; udalerrian beren bizi-proiektua garatzen ari diren pertsonak dira, ahalegin pertsonalean eta beren kabuz aurrera egiteko borondatean oinarrituta. Hurbiletik ikusita, argi erakusten duen errealitatea da: lanera etorritako pertsonak dira, etorkizuna eraikitzera eta aukerak bilatzera etorriak. Horrek are gehiago azpimarratzen du prozesu horietan laguntza eta informazioa gerturatzeak duen garrantzia.

Udalak gogorarazten du zaurgarritasun-txostenaren izapidea oraindik ere egin daitekeela Gizarte Zerbitzuen ohiko ordutegian, izan ere, prozesua ekainera arte zabalik egongo da.

Ekimen honen bidez, Zumarragako Udalak berriro ere agerian utzi du herritarrengandik hurbil dagoen administrazio baten aldeko apustua, arreta pertsonalizatua, orientazioa eta baliabideetarako sarbidea erraztuz.