Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK FLEBITIS ZERO III. JARDUNALDIA HARTU DU IA 200 OSASUN PROFESIONALEKIN

Zelai Ariztin egin den topaketak Zumarragako Udalaren, Zumarragako Ospitalearen eta Osakidetzaren arteko lankidetza historikoa indartu du

2026·05·27


Zumarragako Zelai Arizti Aretoak Flebitis Zero III. Jardunaldia hartu du gaur goizean. Osasun arloko topaketak ia 200 profesional bildu ditu, eta beste behin ere Zumarraga osasun arloko prestakuntza eta ezagutza-trukerako erreferente bihurtu du.

Jardunaldiaren hasieran parte hartu dute Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Laura Aguirre Goierri-Urola Garaiko ESIko gerente zuzendariak eta Eva María Alarcón Duque Goierri-Urola Garaiko ESIko Erizaintza zuzendari eta jardunaldiaren antolatzaileak.

Bere hitzaldian, alkateak azpimarratu du Zumarragako Udalak urte luzez izan duen lankidetza estua Zumarragako Ospitalearekin eta Osakidetzarekin, eta nabarmendu du “ohorea” dela Zumarragarentzat maila honetako jardunaldi profesionalak hartzea; izan ere, ezagutza eta esperientzien trukea sustatzeaz gain, udalerriak osasun arloan duen erreferentzialtasuna indartzen dute.

Era berean, Serranok gogorarazi du aurrez ere Zumarragak osasun arloko beste hainbat jardunaldi hartu dituela, espezialitate desberdinei lotutakoak, eta horrek erakusten duela erakundeen arteko lankidetza sendo eta jarraitua.

Bestalde, antolakuntzak Zumarragako Udalari eskerrak eman dizkio lehen momentutik erakutsitako prestutasunagatik, baita kongresua behar bezala garatzeko eskainitako azpiegitura, logistika eta laguntzagatik ere, erakundeen artean dagoen elkarlan ona azpimarratuz.

Jardunaldiak segurtasun klinikoaren hobekuntzaren eta prebentzioaren inguruko esperientziak eta ezagutzak partekatzeko balio izan du, hainbat lekutatik etorritako profesionalak Zumarragan bilduz.