Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK GOÑIREN OMENEZKOAREN XXXIV. EDIZIOA OSPATUKO DU, PILOTA AFIZIONATUAREN ERREFERENTE SENDOA

Beloki pilotalekuak zazpi asteazkenetan etorkizuneko profesional izango diren pilotari gazteak bilduko ditu, tradizioa, harrobia eta zaleentzako berrikuntzak uztartzen dituen txapelketan

2026·02·12


ZUMARRAGAK GOÑIREN OMENEZKOAREN XXXIV. EDIZIOA OSPATUKO DU, PILOTA AFIZIONATUAREN ERREFERENTE SENDOA

Beloki pilotalekuak zazpi asteazkenetan etorkizuneko profesional izango diren pilotari gazteak bilduko ditu, tradizioa, harrobia eta zaleentzako berrikuntzak uztartzen dituen txapelketan

Zumarraga prest da urteko kirol hitzordu garrantzitsuenetako bat bizitzeko. Otsailaren 18tik apirilaren 1era bitartean, Beloki pilotalekuak Goñiren Omenezkoaren XXXIV. edizioa hartuko du; dagoeneko erreferente bihurtu den txapelketa, eta urtez urte gure herria pilotaren etorkizuneko talentuaren erakusleiho bihurtzen duena.

Kirolzalek antolatuta, Goñiren Omenezkoak gure kirolarekiko maitasuna sustatzeko hainbeste egin zuen pilotariaren oroimena omentzen du, eta arrakasta bermatzen duen “errezeta” berari eusten dio: lehen mailako pilotarien aldeko apustua egitea, profesionaletara jauzi egin aurretik.

Izan ere, azken urtean profesional mailara jauzi egin duten edo jauzia baieztatuta duten sei pilotarik —Xabier Rekalde, Unai Amiano, Unax Landa, Beñat Apezetxea, Beñat Zubizarreta eta Carmelo Loza— iazko edizioan jokatu zuten Belokin. Haiekin batera, dagoeneko 34 dira Zumarragan lehiatu ondoren profesional gisa debuta egin duten pilotariak: 18 Baikon eta 16 Aspe enpresetan. Datu horrek argi erakusten du txapelketaren prestigioa eta Zumarragak pilotaren etorkizunean duen papera.

Aurtengo edizioan, besteak beste, Elorz, Harkaitz Murua, Oier Etxeberria, Irribarria edo Sotil bezalako izenek —horietako askok enpresa handiekin aurrekontratuak sinatuta— maila handiko lehia bermatuko dute, eta Goñiren Omenezkoa ezinbesteko hitzordu bihurtuko dute pilotazaleentzat.

Baina Goñiren Omenezkoa ez da soilik txapelketa bat. Komunitatea sendotzeko eta pilotaren inguruko harremanak indartzeko gunea ere bada. Asteazkenero, Beloki pilotalekua topagune bihurtzen da kuadrilla, familia eta zaleentzat; gure kirolaz gozatzeko eta herri giroa partekatzeko espazioa.

Zaleen esperientzia hobetzeko asmoz, antolakuntzak berrikuntzak txertatu ditu aurten ere. Txapelketa osorako abonuak jarriko dira salgai 30 eurotan, eta, gainera, eskaera handieneko jardunaldietan eserlekua erreserbatzeko aukera izango dute abonatuek. Sarrera solteek 5 euro balioko dute final-laurdenetan, 7 euro finalerdietan eta 12 euro finalean. Abonuak 697 502 025 telefonoan edo kirolzale.eus webgunean eskuratu ahal izango dira.

Bestalde, finalerdiak eta finala Kirolzaleren YouTubeko kanalean zuzenean jarraitu ahal izango dira, eta finala ETB-4k ere emango du Ostegun Santuan. Azken jardunaldiek, gainera, zuzeneko musika emanaldiak izango dituzte, besteak beste Secundino Esnaola Musika Eskolaren parte-hartzearekin, ekitaldiaren izaera komunitarioa indartuz.

Ohikoa den bezala, lehen lau jardunaldiak Belokiko pilota eskolako pilotarien partidekin hasiko dira, harrobia eta etorkizuna balioan jarriz; finalerdietatik aurrera, berriz, martxan dagoen Txapelketa Herrikoiko bikoterik onenek irekiko dituzte jaialdiak.

Zumarragako Udalak herritarrak animatu nahi ditu Belokira gerturatzera eta gure kirol identitatearen parte den txapelketa honetaz gozatzera. Goñiren Omenezkoak Zumarragaren izena pilotaren esparruan proiektatzeaz gain, udalaren konpromisoa berresten du kirolaren, gazteriaren eta komunitate kohesioaren alde.