Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK HASIERAKO ONESPENA EMAN DIO ZENBAIT LOKAL UDAL-ETXEBIZITZA TASATU BIHURTZEKO ORDENANTZARI
2026·10·28

Zumarragako Udalak hasierako onespena eman dio udalerriko bizitegi-eremu finkatuetan lokalen erabilera etxebizitzara aldatzeko ordenantza arautzaileari. Erabakia urriaren 15ean egindako ezohiko osoko bilkuran hartu zuen Udalbatzak.
Araudiaren helburua da lehendik dauden bizitegi-eraikinetako beheko solairuetan kokatutako zenbait lokal babes publikoko udal-etxebizitza tasatu bihurtzeko baldintzak arautzea, indarrean dagoen hirigintza-plangintza eta bizigarritasun- eta irisgarritasun-baldintzak errespetatuz.
Ordenantzaren aplikazio-eremuak udalerriko hainbat gunetan identifikatutako 31 lokal hartzen ditu barne: Artiz, Legazpi auzoa, San Isidro, Euskal Herria etorbidea, Antonino Oraa, Argixao eta Beloki etorbidea.
Lokal horiek ordenantzan jasota egoteak ez du esan nahi automatikoki etxebizitza bihurtzeko baimena dutenik. Eskaera bakoitzak ezarritako baldintzak bete beharko ditu, eta udal-zerbitzu teknikoek dagokion azterketa egingo dute.
Lokalak etxebizitza bihurtzeko baldintzak
Erabilera-aldaketaren ondorioz sortutako etxebizitzek babes publikoko udal-etxebizitza tasatuen izaera izango dute, eta kalifikazio hori iraunkorra izango da. Gehieneko salmenta-prezioen eta eskuratzeko baldintza zehatzen mende egongo dira, eta nahitaez ohiko bizileku iraunkor gisa erabili beharko dira.
Araudiak debekatu egiten du etxebizitza horiek bigarren bizileku gisa erabiltzea edo alokatzea. Hala ere, senideei erabilera doan lagatzeko salbuespen jakin batzuk aurreikusten ditu, betiere Udalaren aldez aurreko baimenarekin eta ezarritako baldintzak betez.
Era berean, ordenantzak higiezinen baldintza teknikoak, baimenak emateko prozedurak eta udal-kontrolerako mekanismoak arautzen ditu.
30 laneguneko jendaurreko erakustaldia
Hasierako onespenaren ondoren, ordenantza 30 lanegunez jarriko da jendaurrean. Epe hori iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo lanegunean hasiko da.
Epe horretan, interesdunek ordenantzaren testu osoa kontsultatu eta egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte.
Dokumentazioa Zumarragako Udalaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.
Dokumentazioa kontsultatzeko:
Egoitza Elektronikoa -> Dokumentu publikoak
Jendaurreko erakustaldian erreklamaziorik aurkezten ez bada, ordenantza behin betiko onartutzat joko da, ezarritako prozeduraren arabera. Indarrean sartzeko, behin betiko testu osoa argitaratu eta dagokion legezko epea igaro beharko da.

