Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK HERRITARREN PARTE-HARTZEA BEHAR DU ETORKIZUN KLIMATIKO ETA ENERGETIKOA ZEHAZTEKO

Udalak inkesta labur baten bidez Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Planari buruzko iritzia ematera animatu ditu zumarragarrak. Inkesta irailaren 30era arte egongo da eskuragarri

2026·09·10


Nola egin dezake aurrera Zumarragak udalerri jasangarriago baterantz? Zein dira herritarren kezka nagusiak energiaren eta ingurumenaren arloan? Galdera horiei erantzuteko eta datozen urteetako jarduerak zehazteko, Udalak herrian bizi diren pertsonen iritzia ezagutu nahi du.

Horretarako, Zumarragako Udalak Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana (KEIEP) prestatzen parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, inkesta labur baten bidez. Bi edo hiru minutu besterik ez dira behar hura betetzeko, baina jasotako ekarpenak oso baliagarriak izango dira beharrak identifikatzeko, lehentasunak ezartzeko eta Zumarragako errealitatera egokitutako neurriak diseinatzeko.

KEIEP udalaren ibilbide-orria izango da hainbat arlotan aurrera egiteko, hala nola energia aurreztean eta eraginkortasunez erabiltzean, isurketak murriztean, energia jasangarriagoak sustatzean eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzean. Dokumentuak 2030era eta 2050era begirako helburuak eta jarduerak ezarriko ditu.

Plana prestatzeko prozesuak azterketa teknikoa eta parte-hartze prozesua uztartzen ditu, ikuspuntu desberdinak jasotzeko. Herriko elkarte-sarearen ekarpenak bildu ondoren, Udalak herritarren zuzeneko parte-hartzea indartu nahi du orain. Parte-hartze hori ezinbestekoa izango da etorkizuneko planak herritarren kezkak, esperientziak eta proposamenak barne har ditzan.

Inkesta irailaren 30era arte egongo da eskuragarri, eta zuzenean bete daiteke honako esteka honetan:

 HERRITARRENTZAKO INKESTAN PARTE HARTU


 

Udalak minutu batzuk hartu eta beren iritzia partekatzera animatu ditu herritarrak. Ekarpen bakoitzak Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plan hurbilagoa, erabilgarriagoa eta Zumarragako benetako beharretara egokituagoa osatzen lagunduko du.