Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK HERRITARRENGANA HURBILDUKO DU ZIENTZIA, 2027KO APIRILERA ARTE IRAUNGO DUEN JARDUERA PROGRAMA BATEKIN

CIC biomaGUNE Donostiako ikerketa-zentroak dibulgazio zientifikoko proiektu bat bultzatu du, kultura zientifikoa eta pentsamendu kritikoa sustatzeko Proiektuari hasiera emateko argazki zientifikoen erakusketa bat egingo da urriaren 19tik 30era

2026·10·22


Aste honetan inauguratu da Zumarragan "Zientzia femeninoan: begi hutsez ikusten ez dena" erakusketa, Donostiako Parke Teknologikoan dagoen CIC biomaGUNE biomaterialen ikerketa-zentroak antolatuta.

Erakusketaren helburua da zientzia gizarteari hurbiltzea, mikroskopia-tekniken bidez lortutako irudi zientifiko sorta baten bidez. Ikerketa zientifikoan aritzen diren emakumeek eginak dira irudi horiek guztiak. Egileak, zehazki, CIC biomaGUNEn lan egiten duten edo lan egin duten zientzialariak dira.

"Ikerketa zientifikoaren aztergai askorekin gertatzen den bezala, emakumezko zientzialarien lana ez da beti ikusten begi hutsez, eta, beraz, ezinbestekoa da haien lanari aintzatespena eta agerikotasuna emango dioten espazioak sortzea", azpimarratu du Clara García Gorro CIC biomaGUNEko komunikazio zientifikoko arduradunak.

Erakusketa urriaren 19tik 30era bitartean ikusi ahal izango da Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Horrez gain, urriaren 29an, ostegunean, 18:00etan, bisita gidatua egingo da Irantzu Llarena eta Lydia Martínez CIC biomaGUNEko zientzialarien eskutik. Hala, modu dibulgatzailean eta denek ulertzeko moduan azalduko dituzte argazkiak eta haiekin lotutako ikerketa.

Zientzia hurbila eta pentsamendu kritikoa

Erakusketa honekin, hasiera emango zaio "Zientzia hurbila eta pentsamendu kritikoa landa-ingurunean" dibulgazio zientifikoko proiektuari. Haren barruan, zenbait jarduera egingo dira, guztiak Zumarragan eta Urretxun, 2026ko urritik 2027ko apirilera bitartean.

Proiektuak Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioaren (FECYT) eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren finantzaketa izango du, bai eta Zumarragako Udalaren lankidetza ere. Argazki zientifikoen erakusketaz gain, beste jarduera batzuk ere egingo dira, hala nola hitzaldi interaktiboak ikastetxeetan eta kultura zientifikoari eta alfabetatze mediatikoari buruzko belaunaldien arteko tailer bat. Horrez gain, ikuskizuna, dantza, dibulgazio zientifikoa eta testigantza pertsonala uztartzen dituen "Ciencia contra la Tormenta" ikuskizuna egingo da 2027ko apirilaren 10ean, Zientziaren eta Teknologiaren Munduko Eguna dela eta.

"Proiektu honen helburuak askotarikoak dira: zientzia gure kulturaren zati gisa erakustea, mundu guztiak goza dezakeen zerbait bezala; pentsamendu kritikoa sustatzea desinformazioari aurre egiten laguntzeko; eta gazteek zientzia aukera profesional gisa ez hartzea eragin dezaketen estereotipoak desmuntatzea", azaldu du García Gorrok.

"CIC biomaGUNEtik kultura zientifikoa sustatzearen aldeko apustua egiten dugu, eta uste dugu garrantzitsua dela hiriburuetatik haratago dauden beste udalerri batzuetara iristea, hiriburuetan handiagoa baita zientzia-dibulgazioko jardueren eskaintza. Beraz, ilusio berezia egiten digu proiektu hau finantzaketa publikoari esker gauzatu ahal izateak", azaldu du Aitziber L. Cortajarena CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoak.

Mikel Serrano Aperribay, Zumarragako alkatea, pozik agertu da belaunaldi guztietako zumarragarrei eskaintzeagatik "Euskadiko ikerketa zentro aitzindari baten eskutik zientziaren hainbat alderdi erakusteko aukera emango duen programa oso hau. Zumarragako Udaletik garrantzi handikotzat jotzen dugu ezagutza zientifikoa Zumarragako herritarrengana hurbilduko duten ekimenak sustatzea, hezkuntza, berrikuntza eta pentsamendu kritikoa hauspotzeko eta belaunaldien arteko elkarrizketa bultzatzeko. Ziur gaude ekimen honek gure udalerriko kultura, hezkuntza eta gizartea garatzen lagunduko duela, eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu ekitaldiez gozatzera".

Argazki-oinak:

  1. CIC biomaGUNEko Komunikazio Zientifikoko taldea. Ezkerrean, Clara García Gorro. Eskuinean, Pablo Menchero Quirós.
  2. Argazki zientifikoen erakusketa Zelai Arizti kultur etxean (Zumarraga).

CIC biomaGUNEri buruz

CIC biomaGUNE Biomaterialen Ikerkuntza Kooperatiboko Ikerkuntza Zentroa Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide eta irabazi-asmorik gabeko ikerketa-zentro bat da, Donostian kokatua, kimikaren, biologiaren eta fisikaren arteko interfazean abangoardiako ikerkuntzan jarduten duena, arreta berezia eskainiz maila molekularreko nanoegitura biologikoen propietateen eta haien aplikazio biomedikoen azterketari. 2018an, “María de Maeztu” Bikaintasun Unitate gisa aitortu zen bikaintasun-baldintzak betetzeagatik, hau da, inpaktu eta lehiakortasun-maila handia izateagatik bere jarduera-eremuan, munduko agertoki zientifikoan.