Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK HIRI EKONOMIA JASANGARRIAREN 2030 PLAN ESTRATEGIKOA AURKEZTU DU, SARE SOZIO-EKONOMIKOA OSATZEN DUTEN PERTSONA ETA ERAGILE GUZTIENGAN ARRETA JARTZEN DUEN UDALERRIAREN ALDEKO APUSTU SENDO GISA
2025·04·10
Zumarragako Udalak gaur goizean aurkeztu du prentsaurrekoan 2030 Hiri Ekonomia Jasangarriaren Plan Estrategikoa, datozen urteetan udalerriaren garapen urbano eta ekonomikoaren norabidea markatzen duen tresna. Ikuspegi integral eta parte-hartzailearekin, plan berriak udalerriko eta inguruko hiri-ekonomiaren —merkataritza, zerbitzu pertsonalak eta ostalaritza— bizi-kalitatea mantentzean eta indartzean jartzen du fokua.
Ekitaldian Rosa Maizak, Zumarragako Udaleko Ekonomia Sustapeneko, Toki Garapeneko eta Berrikuntzako zinegotziak; Iñigo Artechek, planaren lanketa teknikoaren ardura duen Ikertaldeko kontseilari delegatuak; eta Izaskun Gomezek, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak hartu dute parte.
Rosa Maizak ireki eta itxi du saioa, planaren helburuak testuinguruan kokatuz: “Zumarragak pauso irmoz aurrera egin behar du, garai berrietara egokituz, bere funtsa galdu gabe. Plan hau gure bide-orria da hiri gisa hobetzen jarraitzeko, proiektu sendo eta errealistekin, baina baita ambizio handiko eta eraldatzaileekin ere”.
Maizak azpimarratu du ibilbide-orri hau ez dela ekintza isolatu bat, Ekonomia Sustatzeko zinegotzigoa sortu zenetik etengabe egindako lanaren emaitza baizik. Izan ere, azken urteetan ekintza ugari egin dira. Adierazi duenez, “7.5 milioi eurotik gorako inbertsioa dakarten ekimenak sustatu ditugu”, egindako proiektu guztiei erreferentzia eginez. “Hau ez da promesa bat, ekintzak dira. Zumarragak bere hitza betetzen du, eta plan honek herritarrekiko konpromiso hori indartzen du. Ekimen horiek ematen jarraituko dira, estrategia horrek gidatuta”, gaineratu du.
Ibilbide horri esker, Zumarragak %12ko merkataritza-dentsitatea du gaur egun, inguruko herriek 2 puntu altuagoa eta hiriburuaren, Donostiaren, antzeko dentsitatea. Hori bereziki aipagarria da merkataritza-eraldaketa orokorra izan den testuinguru honetan.
Herritarren partaidetzarekin eraikitako bide-orria
Plana diagnosi prozesu parte-hartzaile eta zorrotz batetik sortu da, Udalak bultzatua Ikertalde aholkularitzaren laguntza teknikoarekin. Iñigo Artechek azaldu duenez, “1.000 herritar baino gehiagok, baita herriko 175 enpresak ere, hartu dute parte analisian, udal arduradun eta herriko eragileekin batera, Zumarragako erronka eta indarguneen erretratu fidela marrazten lagunduz”.
Datu nabarmenen artean, ikerketak herritarren %90a bost urte barru Zumarragan bizitzen proiektatzen dela, tokiko merkataritzak balorazio altua mantentzen duela, edo udalerriak espazio publikoaren hobekuntzan eta kohesio sozialean aurrerapen nabarmena egin duela erakusten du. Hala ere, planak erronka estrategikoak identifikatzen ditu, hala nola, etxebizitza eskuratzea, lokal hutsak biziberritzea, turismoari ikusgarritasun handiagoa emateko beharra edo Azoka gaztetzea.
Sei esparru estrategiko eta lau ekintza-ardatz nagusi
Estrategiak funtsezko sei esparru ditu: pertsonak, hiri eraldaketa eta mugikortasuna, hiri ekonomia, Azoka, lehiakortasuna eta berrikuntza eta turismoa. Esparru horiei heltzeko, planak lau ardatz estrategiko eta lehentasunezko hamabi jarduera-ildo zehazten ditu:
- Hiri-espazioa eta mugikortasun jasangarria, irisgarritasuna hobetzeko eta hurbileko merkataritza indartzeko ekintzekin.
- Ekintzailetza eta lehiakortasuna, enpresa-erreleboa errazteko eta merkataritza-jarduera dinamizatzeko.
- Bizitza osasuntsua eta kontsumo iraunkorra lortzeko dinamizazioa, gazteak, adinekoak, familiak eta Azokaren eta Bide Bizia marka turistikoaren proiekzioa ardatz hartuta.
- Gobernantza, erakundeen arteko koordinazioa eta Bitartean edo Eusko Jaurlaritza bezalako eragileekiko lankidetza indartzen dituena.
Ildo horretan, Maizak Zumarragak urteak daramatzala hirigunearen kontzeptua zabaltzen, udalerriko ingurune guztiei balioa emanez eta horiek dinamizatuz azpimarratu du. “Garapen orekatuan sinesten dugu, ardatz nagusi batera mugatu beharrean, gure nortasun urbano eta soziala osatzen duten auzo eta espazio guztiak indartuko dituena”.
Izaskun Gomez Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak horrelako tokiko planen balioa azpimarratu du bere hitzaldian: “Estrategia argia eta partekatua izateak aukera ematen die Zumarraga bezalako udalerriei aurrea hartzeko, berritzeko eta erreferente gisa posizionatzeko jasangarritasunean eta hurbileko merkataritzan”.
Aurrera jarraitzeko prest
Saioaren azken txanpan, Rosa Maizak gogora ekarri nahi izan du proiektu solidoen aldeko apustuak Zumarragan izan duen eragin positiboa, horrek erraztu bait du Next Generation EU Europako funtsak erakartzea. “Aurretik ibilbide-orri sendoa eta landua genuenez, laguntza horiek eskuratu ahal izan genituen, eta gure udalerria eraldatu gaur egun ikusgai eta aintzatetsita dauden jarduerekin. Orain, plan berri honekin, aurrera egiteko bide horria finkatzen dugu”, adierazi du.
Izan ere, 2030eko Hiri Ekonomia Jasangarriaren Plan Estrategiko berria Europaren finantzaketari esker izan da posible, “Zumarraga, merkataritza eredu digitala eta jasangarria” proiektuaren baitan. Ondo egituratutako ideiek, sare-lanak eta plangintza estrategikoak udalerriari aukera berriak irekitzen dizkiotela erakusten duen adibide argia.
Horrelako estrategiekin, Zumarragak hiri bizia, ekintzailea eta konektatua izaten jarraitzen du, orainaldiko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatua, herritar inplikatuak eta tokiko administrazio konprometitua dituena.