Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK INDUSTRIA-GARAI BERRI BAT ABIATU DU METAL 78 ENPRESAREN ESKUTIK
2025·04·07
ZUMARRAGAK INDUSTRIA-GARAI BERRI BAT ABIATU DU METAL 78 ENPRESAREN ESKUTIK
Metal 78 Arcelor zaharrean ezarriko da, Zumarragako garapen industrial berriaren hasiera markatuz eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua indartuz
Bidasoa Metal 78 enpresa Zumarragara iritsi izana Arcelor zaharraren berregokitze handinahiaren lehen urrats nabarmena da, erakundeek elkarrekin egin duten apustua, gure herriko iragan industrialaren gune enblematiko hori berrikuntzari eta iraunkortasunari lotutako jarduera-gune berri bihurtzeko.
Paladioa, rodioa eta platinoa bezalako metal kritiko preziatuak berreskuratzeko jardueran espezializatuta dagoen enpresak punta-puntako prozesu teknologikoa garatuko du Zumarragan. Proiektu horrek Europar Batasunaren autonomia industriala indartzen du eta ekonomia zirkularra bultzatzen du. 12 milioi euroko inbertsioarekin, enpresaren pabiloia egokitzeko lanak udaberri honetan hasiko dira, eta jarduera 2026ko urtarrilean martxan jartzea aurreikusten da, Zumarragan 40 lanpostu berri sortuz.
Zumarragako alkatea, Mikel Serrano, Gipuzkoako Jasangarritasun diputatua, José Ignacio Asensio; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea, Josu Bilbao; Gobernuko ordezkariordea Gipuzkoan, Noemí López; eta enpresako zuzendari gerentea, José Manuel Muriel, izan dira Zumarragako garapen industrial berriaren barruan jarduera industrial hau hartuko duen pabiloia bisitatzen. Metal 78 enpresa Estatuko bakarra da horrelako metalak berreskuratzen, eta bere sektorean nazioarteko erreferente bihurtzeko bidean dago.
ARCELOR ZAHARREKO LURSAILENTZAT BIZI BERRIA
Metal 78 enpresaren kokatzeak urte luzez espero izan den eraldaketa baten hasiera dakar Zumarragarentzat. Arcelor lantegia 2016an itxi zenetik, Udalak gainerako erakundeekin elkarlanean jardun du etorkizun industrial jasangarri bat bermatzeko. Poligono berriak 67.000 metro koadroko azalera izango du, eta Metal 78 enpresak 6.000 metro koadrotik gorako pabiloia hartuko du. Obrak aurten amaitzea aurreikusten da.
Eraldaketa integrala Eusko Jaurlaritzaren eskutik ari da gauzatzen, SPRILUR sozietatearen bidez, eta 25 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da. Proiektuak lurzoruaren erosketa, kutsadura kentzea, ingurumen-berreskuratzea, eraikin zaharren eraistea eta pabiloi berrien eraikuntza barne hartzen ditu, baita ingurunea urbanizatzeko lanak ere.
GIPUZKOAN SORTUTAKO PROIEKTUA, NAZIOARTEKO BOKAZIOAREKIN
"Proiektu hau zortzi urteko lanaren emaitza da, eta gaur errealitate bihurtzen da, ilusioz beteriko errealitate", azaldu du José Manuel Muriel Metal 78ko zuzendari gerenteak. "Oinarrizko ikerketatik industria-garapen osoa arte, prozesu osoa Gipuzkoan egin da, eta lankidetza publiko-pribatuaren adibide argia da", gaineratu du.
Bestalde, José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak azpimarratu duenez, “horrelako proiektuekin Gipuzkoak bere burua indartzen du berrikuntza industrialaren eta ekonomia zirkularraren eredu gisa, lanpostu berde eta deskarbonizatuak sortuz”.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Josu Bilbao sailburuordeak nabarmendu du erakundeen parte-hartzea enpresaren kapitalean, eta Zumarragan egindako eraldaketa: “Ingurumena berreskuratzea baino harago doan jarduera da. Industria-gune berritua bultzatzen ari gara, hobekuntza urbanistikoekin, hala nola, poligonorako sarbide berria eraikiz, trafiko astuna bizitegi-gunetik urrunduko duena eta Urola ibaiaren zati baten berreskurapena ahalbidetuko duena”.
EUROPAKO INBERTSIOA, INDUSTRIA JASANGARRI BATENTZAT
Gobernuko ordezkariorde Noemí Lópezek 5,1 milioi euroko inbertsioa nabarmendu du, ekonomia zirkularraren PERTEaren bidez, Gipuzkoarako Next Generation funtsen bidez esleitutako 65,8 milioiko partidan sartuta. “Espainiako Gobernuak Zumarragan berrikuntzaren alde egindako apustu honek industria eredu jasangarriago eta teknologikoki aurreratuago baten alde egiten du”, adierazi du.
ZUMARRAGA, INDUSTRIA EREDU BERRI BATEN MOTORRA
Bidasoa Metal 78ren etorrerak aro aldaketa bat sinbolizatzen du Zumarragan: gure sustraiei uko egin gabe, baina berrikuntzan eta jasangarritasunean oinarritutako industria-trantsizioari ateak irekiz. Mikel Serrano alkateak nabarmendu duenez: “Arcelor Mittalen itxieratik ez gara geldirik egon, eta gaur harro esan dezakegu lehen fruituak ikusten hasi garela. Lehen enpresa hau ate bat da etorriko diren aukera guztientzat. Zumarragak berriz hartu du industria-motor izateko lekukoa, oraingoan XXI. mendeko erronkei erantzuten dien eredu batekin”.