Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK “JARDUERA FISIKOA MENOPAUSIAN” TAILER BERRIA ANTOLATU DU ZU MUGITUZ ZERBITZUAREN BAITAN
2026·05·13

Zumarragako Udalak herritarren osasuna eta ongizatea sustatzeko apustuarekin jarraitzen du Zu Mugituz Jarduera Fisikoko Orientazio Zerbitzuaren bidez. Osakidetzarekin eta Mugiment programarekin elkarlanean garatutako udal zerbitzu honen helburua ohitura osasungarriak sustatzea eta jarduera fisikoa herritar guztiengana hurbiltzea da, pertsonen beharretara egokitutako orientazioa eta jarduerak eskainiz.
Programazio horren baitan, datorren maiatzaren 27an, asteazkena, “Jarduera fisikoa menopausian” tailerra egingo da. Saioaren helburua menopausiaren garaian ariketa fisikoak izan ditzakeen onurei buruzko informazioa, orientazioa eta aholku praktikoak eskaintzea izango da. Tailerra 18:15ean izango da El Salvador Gizarte Etxean, eta 15 lagunentzako plaza mugatuak izango ditu.
Izen-ematea Ispilla kiroldegiko harreran edo telefonoz egin ahal izango da, 943 724 961 zenbakira deituta. Saioaren hizkuntza izena ematen duten pertsonen arabera egokituko da.
Zu Mugituz zerbitzuaren bidez, Zumarragako Udalak herri aktiboago, osasungarriago eta inklusiboago baten alde lanean jarraitzen du, herritarren ongizate fisikoa eta emozionala sustatzen duten ekimenak bultzatuz. Orientazio pertsonalizatuko zerbitzuaz gain, programak tailerrak, jarduerak eta sedentarismoari aurre egiteko eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko proposamenak garatzen ditu, bizitzako etapa guztietan.

