Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK KERIK GABEKO GUNE BERRIAK AURKEZTU DITU UDALERRI OSASUNTSUAGO BATEN ALDE
2026·03·13

Zumarragako Udalak gaur aurkeztu ditu udalerriko kerik gabeko gune berriak. Ekimen hau Haur eta Nerabeentzako Udal Planaren barruan kokatzen da, eta herriko nerabeek tabakoaren eta vaper edo antzeko gailuen kontsumoaren normalizazioaren inguruan adierazitako kezkari erantzuteko sortu da.
Helburu horrekin, eta Haur eta Nerabeen II. Astearekin bat eginez, Zumarraga eta Urretxuko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek “Kerik gabeko guneak” tailerrean parte hartu zuten. Tailer hori Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak eskaini zuen, tabakoaren eta haren deribatuen kontsumoaren hasiera prebenitzeko eta gazteen artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko.
Parte-hartze prozesu horren ondorioz, adingabeek eurek udalerriko lau gune proposatu zituzten kerik gabeko espazio izateko. Ondoren, bigarren fase batean, herritar helduei zuzendutako parte-hartze prozesua ireki zen proposatutako guneen artean bat aukeratzeko. Guztira 316 erantzun jaso ziren, eta babes handiena Zelai Ariztik lortu zuen, botoen %40rekin. Atzetik geratu zen Zumarragako plaza, botoen %30 inguru jasota.


Gaur, martxoaren 13an, egin den aurkezpen ekitaldian Haur eta Nerabeen Kontseiluko eta Adinekoen Kontseiluko kideek parte hartu dute, ekimenaren izaera parte-hartzailea eta belaunaldien artekoa azpimarratuz. Halaber, bertan izan dira Zumarragako Udaleko Gazteriako zinegotzia Iñaki Mendiluce Ochoa; Gipuzkoako Osasun Publikoko zuzendariorde Elena Albisua; Gipuzkoako Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendariorde Elena Aldasoro; Transformazio Digital eta Kudeaketa Estrategikoko aholkulari Nerea Antía; eta Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko prebentzio psikologoa eta osasunaren sustapen arloko arduraduna Maider Sierra.
Jardunaldiaren barruan, arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak herritar guztiei irekita dagoen sentsibilizazio tailer bat eskainiko du, bingo, eskulan eta informazio materialarekin, kerik gabeko guneen garrantziaz hausnartzen jarraitzeko helburuarekin.
Bestalde, Zumarragako Udalak beharrezko izapideak hasiko ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bultzatutako Kerik Gabeko Guneen Sarera atxikitzeko. Sare hori 2022an sortu zen, Euskadiko hainbat hondartzatan egindako esperientzia pilotu baten ondoren, eta bertan udalerriek aire zabaleko gune sinbolikoak izendatzen dituzte. Gune horietan, erretzea debekatuta ez dagoen arren, ez erretzea gomendatzen da ingurune osasungarriagoak sustatzeko.
Gaur egun, 61 udalerri daude sare honetara atxikita, eta guztira 764 kerik gabeko gune daude identifikatuta, besteak beste garraio publikoko geltokietan, haur parkeetan, ikastetxeen inguruneetan, eraikin publikoetan, hondartzetan edo igerilekuetan.
Zumarragako Gazteriako zinegotzi Iñaki Mendiluce Ochoaren hitzetan, “gazteen kezkak entzutea eta haiei erantzutea udalaren betebeharra da, bereziki egiten dituzten proposamenak serioak, koherenteak eta Zumarraga osasuntsuago baten aldeko konpromisoa erakusten dutenean. Horregatik, gobernu taldearentzat pozgarria da hainbat fasetan garatu den lan prozesu honetan ikastetxeetako ikasleek, Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartu izana”.
Ekimen honen bidez, Zumarragako Udalak berretsi egiten du osasun komunitarioa sustatzeko eta haur zein gazteen parte-hartze aktiboa bultzatzeko duen konpromisoa, guztientzat osasuntsuagoa izango den udalerri bat eraikitzeko bidean.

