Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK KOMUNITATEAREN INPLIKAZIOA SUSTATZEN DU NAHI GABEKO BAKARDADEAREN AURREAN HILO DE PLATA SPRINT SOLIDARIOAREN BIDEZ

Udalak Nagusilanekin duen lankidetza indartu du, adineko pertsonei laguntzeko sare berriak sortzea eta herritarrak sentsibilizatzea eta mobilizatzea helburu duen ekimenaren bidez

2026·09·25


Zumarragako Udalak, Nagusilanekin eta Urretxuko Udalarekin batera, Hilo de Plata Deien Sprint Solidarioa aurkeztu du. Ekitaldia datorren irailaren 30ean egingo da, 9:30etik 13:30era, Zelai Ariztin.

Ekimenak Zumarragako eta Urretxuko gizarte-, kultura-, kirol- eta elkarte-arloetako eragileak bilduko ditu. Parte-hartzaileek Hilo de Plata zerbitzuaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko, laguntza-deiak egiteko eta telefono bidezko boluntariotzaren esperientziara hurbiltzeko aukera izango dute.

Zumarragako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Arantxa Gonzálezek parte hartu du aurkezpenean, Jon Luqui Urretxuko alkatearekin eta Joserra Urcelay eta Lourdes Rodríguez Nagusilaneko boluntarioekin batera.

Zumarragako Udalarentzat, ekimena beste urrats bat da azken urteotan egiten ari den lanean: adineko pertsonen parte-hartzea sustatzea, gizarte-harremanak indartzea eta zaintzan zein laguntzan gero eta inplikatuago dagoen komunitatea eraikitzea.

“Helburua sentsibilizatzea eta mobilizatzea ere bada”

Aurkezpenean, Arantxa Gonzálezek nabarmendu du nahi gabeko bakardadea askotan ikusezin geratzen den errealitatea dela, eta horri aurre egiteko komunitate osoaren inplikazioa beharrezkoa dela.

“Helburua ez da Hilo de Plata ezagutaraztea bakarrik. Helburua sentsibilizatzea eta mobilizatzea ere bada”, adierazi du.

Zumarragako Udalak urteak daramatza Nagusilanekin elkarlanean eta elkarteak udalerrian egiten duen lana babesten, behar eta errealitate jakin batzuei zerbitzu publikoetatik soilik ezin zaiela erantzun ulertuta.

Horregatik, udaleko Gizarte Zerbitzuetatik egiten den lanarekin batera, Udalak gizarte-erakundeekin, elkarte-sarearekin, boluntarioekin eta herritarrekin lankidetza indartzearen aldeko apustua egiten du. Helburua inguruko pertsonei adi egoteko, balizko behar-egoerak hautemateko eta laguntza- zein babes-sareak sortzen laguntzeko gai den komunitatea indartzea da.

Ildo horretan, Sprint Solidarioak irailaren 30eko jardunalditik harago joan nahi du. Esperientziak kontzientzia sortzeko, sare berriak eratzeko eta lankidetzarako bide berriak irekitzeko balio dezan nahi da, nahi gabeko bakardadearen errealitatea hainbat arlotako pertsona eta erakundeengana hurbilduz.

“Askotan pentsatzen dugu laguntzeko gauza handiak egin behar direla. Eta ez da beti horrela. Arreta jartzea, pertsona bati nola dagoen galdetzea edo denbora pixka bat eskaintzea keinu sinpleak dira, baina balio handia izan dezakete”, azaldu du Gonzálezek.

Parte-hartzea eta zahartze aktiboa

Aurkezpena, gainera, Zumarragako Adinekoen V. Astearen ospakizunarekin bat dator. Irailaren 24tik urriaren 1era bitartean egiten ari da, Udalak eta Adinekoen Kontseiluak antolatuta.

Programazioaren helburua elkartzeko guneak sortzea, gizarte-harremanak eta zahartze aktiboa sustatzea eta adineko pertsonek komunitatean duten zeregina aitortzea da.

Hain zuzen ere, Udalak uste du aitortza horrek adineko pertsonek Zumarragan parte hartzen, harremanak izaten eta herriko kide aktibo izaten jarraitzeko aukerekin batera joan behar duela.

Lan-ildo hori Gizarte Zerbitzuetatik eta komunitate-espazioetatik garatzen da, Adinekoen Kontseiluarekin eta Nagusilan bezalako erakundeekin elkarlanean, beharrak hautemateko, eskura dauden baliabideak herritarrengana hurbiltzeko eta harremanak zein komunitate-sareak indartzeko.

“Gure helburua pertsona batek Zumarragan zahartu eta Zumarragako parte dela sentitzea da: parte hartu ahal izatea, harremanak izatea, bere esperientzia eta ezagutza eskaintzen jarraitzea eta, laguntza behar duenean, inguruan komunitate bat duela jakitea”, azpimarratu du zinegotziak.

Hilo de Plata: entzutea eta laguntzea

Hilo de Plata Nagusilanen doako telefono bidezko laguntza-zerbitzua da, nahi gabeko bakardade-egoeran dauden adineko pertsonei zuzendua.

Aldizkako deien bidez, boluntarioek elkarrizketa, entzutea eta konpainia eskaintzen dituzte. Helburua ez da deia jasotzen duen pertsonaren arazoak konpontzea, baizik eta hari entzutea, bere erritmoa errespetatzea eta konfiantzazko laguntza-espazio bat sortzea.

Irailaren 30eko Sprint Solidarioari esker, zerbitzua oraindik ezagutzen ez duten pertsonek eta erakundeek bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Parte-hartzaileek beharrezko jarraibideak jasoko dituzte eta Nagusilaneko boluntarioen laguntza izango dute deiak egiten dituzten bitartean.

Jardunaldiak pertsona berriak boluntariotzara hurbiltzeko eta Hilo de Plata zerbitzua behar izan dezaketen pertsonen artean ezagutarazteko ere balio nahi du.

“Komunitatea besteei adi egonez ere eraikitzen da. Dei bat bezain keinu sinple baten atzean konpainia, entzutea eta, batez ere, norbait zutaz gogoratzen dela sentitzea egon daiteke”, amaitu du Arantxa Gonzálezek.

Bakarrik sentitzen diren adineko pertsonek doan jar daitezke harremanetan Hilo de Plata zerbitzuarekin 900 713 771 telefono-zenbakira deituta. Deia jasotzea nahiago badute, beren izena eta telefono-zenbakia utz ditzakete, taldeak haiekin harremanetan jartzeko.

Hilo de Plata Deien Sprint Solidarioa

Eguna: 2026ko irailaren 30a
Ordutegia: 9:30-13:30
Lekua: Zelai Arizti
Antolatzailea: Nagusilan
Laguntzaileak: Zumarragako eta Urretxuko udalak